Debako Udalak, Arte Eskola Bizirik kolektiboarekin elkarlanean, artista bisual berrien lana sustatzeko helburua duen lehiaketa antolatu du aurten ere, eta haren emaitza da uztailean eta abuztuan Santa Maria elizako klaustroan ikusgai dagoen erakusketa.
Proiektua Susterrak izenburupean aurkeztu dute Paula de Luisa eta Eva Kareaga algortarrek. Lehenengoaren obra eskulturan, argazkigintzan eta pinturan oinarritzen da batik bat, eta Kareagak eskultura, grabatua eta argazkia uztartzen ditu gehienbat, bere sormen-lanetan material naturalak eta eraikuntza materialak nahasiz.
Txikitako lagunak diren arren, hau da elkarlanean prestatu duten lehen erakusketa, eta "oso pozik" daude. "Gainera, espazioa oso polita da, eta horrek gehiago motibatu gaitu, erronka bat izan da", azaldu du Kareagak.
De Luisak laburbildu bezala, bi artistek dute ezaugarri komun bat. "Eraikuntza-paisaiak nola baldintzatzen du paisaia natural eta organikoa? Eta alderantziz? Nola eragiten diote elkarri?". Bada, partekatzen duten gogoeta horri tiraka sortutako artelanak aurkituko ditu bisitariak klaustroan: "Eskultura hauek, adibidez, forma arkitektonikoetan inspiratuta daude, eta arkitektura hori paisaian nola integratzen den irudikatzen dute".
"Espazioarekin jolastuz"
Beren lanetako batzuk eta Debarako propio sortu dituzten obra batzuk bildu dituzte erakusketan, eta bien artean egindako piezarik ere bada tartean. Azaldu dutenez, klaustroaren ezaugarriak kontuan hartuz eta "espazioarekin jolastuz" prestatu dute guztia; argi naturalak, adibidez, erabat baldintzatzen du erakusketa eta obrak ikusteko esperientzia.
Harria bera ere esanguratsua da kasu honetan. "Bion lana asko oinarritzen da harrian, elementu natural bezala eta eraikuntza-elementu gisa. Klaustroan bi harri daude, kareharria eta hareharria, eta gure obran ere presente daude biak. Beraz, zentzu horretan erlazio zuzena dute espazioarekin", dio Kareagak.
Susterrak erakusketa abuztuaren 21era arte egongo da zabalik. Honako ordutegia izango du uztailean: asteartetik larunbatera 17:00etatik 19:00etara, eta igandeetan eta jaiegunetan 17:00etatik 20:00etara.