Uztailaren 21ean, igandea, Xake Eguna hartuko du Aldats pilotalekuak. Debako Udaleko gazteria eta kirol sailak eta San Roke Xake Taldeak antolatutako ekimena da, eta gazteei zuzendutako kirol eta aisialdi eskaintza zabaltzea du helburu.
San Roke Xake Taldea 1981. urtean sortu zen, xakea ezagutarazi eta sustatzeko asmoarekin. Udal iturriek gogorarazi bezala, herriko gazte ugari pasa dira taldetik urteotan eta gaur egun ere indartsu jarraitzen dute lanean.
Xake Egunean 16 urtetik beherako gazteek parte hartu ahal izango dute eta beharrezkoa da aurrez izena ematea. Horretarako, turismo bulegora jo dezakete zuzenean, eta Internet bidez ere eman daiteke izena (esteka honetan), uztailaren 15era bitartean.
Hilaren 21eko hitzordua 10:00etan hasiko da, eta 13:30ean amaitu; zehaztu dutenez, 10:00etan baieztatuko dute parte hartzaileen izen-ematea, jardunaldiari ordu-erdi beranduago hasiera emateko. 6 txanda egingo dituzte, 10 minutuko finish partida azkarretan, eta sari banaketa 13:30ean izango da.
Edukierari dagokionean, gehienez ere 60 lagunentzako tokia izango da eta partidak jokatzen diren bitartean ezingo da inor joko esparruan egon, "antolatzaileek baimendutako pertsonak izan ezik".