30. urteurrena ospatzeko kontzertu berezia emango du Aitzuri Abesbatzak

Berriketan 2024ko uzt. 5a, 11:49

Xabier Carrillo zuzendariaren gidaritzapean, "abesti esanguratsu eta erakargarriekin" osatutako errepertorio berezia eskainiko dute etzi (uztailak 7), Santa Maria elizako klaustroan.

30 urte bete dira Aitzuri abesbatza sortu zela eta, urteurrena ospatze aldera, kontzertu berezia emango dute etzi (uztailak 7), 19:00etan, Santa Maria elizako klaustroan. Xabier Carrillo abesbatzako zuzendariak azaldu duenez, udan eman ohi duten kontzertu berezia urteurrena herritarrekin ospatzeko aprobetxatuko dute.

Aitzurikoek gutxitan abestu izan dute klaustroan eta arrazoi horregatik "ilusioz beteta" daudela diote. "Akustika aldetik soinu paregabea eskaintzen duen lekua da eta, hortaz, hitzordurako aukeratu dugun errepertorioa hobeto estimatuko dela uste dugu".

Oholtzan, beste zenbait aldiz eurekin batera aritu den Amaia Zipritria pianista izango dute lagun eta, interpretatuko dituzten piezei buruz askorik aurreratu ez badute ere, kontzertua "ezustekoz beteta" datorrela iragarri dute. "Sekulako kontzertua izango da, ahaztezina. Abesti esanguratsuak eta erakargarriak aukeratu ditugu eta, nire ustez, oso-oso polita izango da entzuteko", zehaztu du Carrillok. Gaineratu duenez, lan handia egin dute igandean aurkeztuko duten errepertorioa prestatzen, eta lan hori guztia taularatzeko gogotsu daude. "Gonbidatuta zaudete guztiok".