Sei urte bete dira gaur Deba eta Mutriku arteko zubia erori zenetik

Berriketan 2024ko uzt. 5a, 09:16

Deba eta Mutriku lotzen dituen harrizko zubi zaharraren oinarri bat hondoratu egin zen 2018ko uztailaren 5ean, eta zubiaren zati batek behera egin zuen.

Ezbeharra uztailaren 5ean gertatu zen, goizaldeko 05:15ak aldera, eta ez zen zauriturik egon. Hasiera batean, ez zegoen argi zergatia; iturri batzuek adierazi zutenaren arabera, erdiko zutabeak jasandako higadura zela eta egin zuen behera zubiak, eta ezbeharra azken hilabeteetako euriteen ondorioz gertatu zela ere aipatu zuten.

Aldundiak Debako zubiaren kontserbazio egoera aztertzeko txosten teknikoa eskatu zuen gero, abuztuaren hasieran. Txosten horretan ohartarazten zen arrisku larria zegoela bi ganga eta ibaian behera dagoen aldeko tinpanoa kolapsatzeko, horiek kaltetzen dituzten xilofagoen ondorioz. Bestalde, azterketak azaleratu zuen nabarmen galdu zela zutabearen zurezko parriladuraren azpiko materiala. Kolapsoa zuraren konpresioan izandako bat-bateko akats baten eraginez gertatu zen, eta sekzioa gutxitu izanagatik erresistentzia gaitasuna galdu izanari zor zitzaion. Akatsa ia aldi berean gertatuko zen hainbat pilotetan.

Ia lau urteren ondoren amaitu zituzten berreraikitze-lanak eta 2022ko maiatzaren 26an zabaldu zuten berriz ere zubia oinezkoentzat.

Berreraikitze prozesuaren laburpena ondorengo bideoan ikus daiteke; Moyua-Harri ABEE enpresak zabaldu zuen ikus-entzunezkoa.