Porrotx eta Marimotots pailazoek irriz, kantuz eta dantzaz bete dute Debako Aldats pilotalekua

Berriketan 2024ko uzt. 5a, 12:27

Pailazo ezagunek Zorionak Marimotots ikuskizuna aurkeztu zuten atzo (uztailak 4), Aldats pilotalekuan. Beste herri batzuetan egin bezala, opariarekin etorri ziren Debara; intxaurrondo bat eman zieten Zuhatza-Kolore Anitz aisialdi taldeko kideei.

Herriz herri ibili ondoren, Porrotx eta Marimototsen Zorionak Marimotots ikuskizunak geldialdia egin zuen atzo (uztailak 4) Deban. Euskal Herriko pailazo ezagunenek giro bikaina jarri zuten Aldats pilotalekuan eta oso une politak bizi izan zituzten bertan batu ziren haurrek eta gurasoek.

Herriko haur eta gaztetxoekin heriotzaren eta doluaren gaia landu zuten, eta kontakizuna abestiekin eta dantzekin uztartu zuten, pilotalekuan batu ziren guztien gozamenerako. Ikuskizunaren bukaeran, pailazoek herriko eragile bati zuhaitz bat oparitzen diote, eta hura landatzearen ardura eman. Iaz 10. urteurrena bete zuen Zuhatza-Kolore Anitz aisialdi taldeko kideek pozik jaso zuten pailazoek oparitutako intxaurrondoa eta adierazi dute dagoeneko gure artean ez dauden herritarren oroimenez landatuko dutela.

Intxaurrondoa bihar (uztailak 6) landatuko dute, Ifar kaleko igogailuaren inguruan dagoen berdegunean. 11:00etan izango da hitzordua eta nahi duten guztiak bertara hurbiltzera gonbidatu dituzte.

Bideoklipa

Atzoko emanaldia, gainera, Zuhatza-Kolore Anitzen abestiaren bideokliperako irudiak grabatzeko aprobetxatu zuten. Ikuskizunaren bukaeran entsegu moduko bat egin zuten pilotalekuan eta, ondoren, kalejiran joan ziren Plaza Zaharreraino.

Amaitzeko, nahi izan zuten guztiek Porrotxekin eta Marimototsekin argazkia ateratzeko aukera ere izan zuten.