Debako Udalak iragarri du aurten ere, uztaileko ostiral guztietan, Plaza Zaharra kontzertu eta kultur ikuskizun berezien erdigune bilakatuko dela herritar ororentzat. Beste behin ere, Iturri Ondoan egitasmoaren baitan, euskaraz sortu eta pentsatutako hainbat kultur ekitaldi izango dira aukeran hilabete honetan.
Alazne Txurruka alkateak proiektu honen garrantzia azpimarratu du: "Aurten ere iturrira itzuli gara, uda betean gauden seinale, zalantzarik gabe. Gure herriko txoko berezi honetan garatzen den proiektu honek hamaikagarren edizioa du aurten. Urte hauetan ikuskizun ugariz gozatu dugu, denetarikoak, eta aurten ere hainbat ikuskizun ikusteko aukera izango dugu, guztiak euskaraz eta Plaza Zaharreko iturriaren alboan”.
Bihar gauean, 22:00etan, egingo da lehen hitzordua; Borobil antzerki taldeak Ali Baba eta 40 lapurrak antzezlana dakar Debara. Anartz Zuazua, Asier Sota eta Markel Sainz aktoreak ariko dira oholtzan, eta Dánae Riañok eta Iñaki Mujikak zuzeneko musikarekin osatuko dute antzezlana. Bost urtetik gorakoei zuzendutako emanaldia izango da, umorez betea.
Iturri Ondoan egitasmoaren baitan antolatutako bigarren ikuskizuna uztailaren 12an izango da. Herritarrak izango dira protagonista, Begiradak literatur errezitaldi eta irudien proiekzioak girotuko baitu Plaza Zaharra, 22:00etatik aurrera.