World Boccia-k, kirol horren erakunde gorenak, Parisko Paraolinpiar Jokoetan parte hartzeko azken txartelak lortu dituzten kirolarien zerrenda argitaratu berri du. Erakundeak 80 eskaera jaso ditu eta horiek guztiak "zorrotz" berrikusi ondoren, 24 hautatu dituzte abuztuaren 28tik irailaren 8ra bitartean Frantziako hiriburuan egingo den nazioarteko hitzorduan parte hartzeko. Horien artean da Deban bizi den Amagoia Arrieta ere; BAT Basque Team-eko kirolaria, zehazki, BC1 kategorian lehiatzeko hautatu dute.
Dordoka Klubeko jokalariak, hain zuzen ere, azken urteotan goi mailan lortutako kirol emaitza bikainei esker lortu du beretzat "hain berezia" den hitzorduan parte hartzeko txartela. Gaur-gaurkoz, seigarren da mundu mailako sailkapenean. Iaz, gainera, Europako Txapelketa ere irabazi zuen eta denboraldi honetan txapeldunorde izan da Zagrebeko Challengerrean.
"Pozez gainezka"
Paraolinpiar Joko batzuetan parte hartuko duen lehen aldia izanda, "pozez gainezka" azaldu da Arrieta. "Pozik nago nire bizitzako ilusioetako bat izan delako beti Paraolinpiar Jokoetan parte hartzea". Horrekin batera, aitortu du hautatua izan den jakiteko zain egotea "luze" egin zaiola. "Oso gogorra egin zait itxaronaldia. Izan ere, ez nekien erakundearen erabakia niretzat positiboa edo negatiboa izango zen eta, egia esan, kirolari bezala zaila egin zait ziurgabetasun egoera horretan egotea".
Hitzordua ia bi hilabete barru izango den arren, dagoeneko entrenatzen hasita dagoela ere jakinarazi du. "Badaezpada entrenatzen hastea erabaki genuen eta asteak daramatzat gogor entrenatzen". Erronka berriari "errespetuz" begiratzen diola azpimarratu du, baina Berriketan-i azaldutakoaren arabera, ez dago batere urduri. "Nire bizitzako ametsetako bat betetzera noa eta, beraz, ondo jokatzea da nire helburua; horretan ahaleginduko naiz behintzat".