Debako Musika Bandak Queen taldearen omenezko kontzertu berezia emango du bihar (uztailak 6). Ikuskizuna 22:30ean hasiko da, zumardiko karpan, eta musikariek bertaratzeko deia egin diete herritar guztiei.
Bandako kideek azaldu duten bezala, hain zuzen, emanaldi berezia prestatu dute udan ohikoa duten hitzordurako. Izan ere, hainbat musikari izango dituzte lagun oholtzan: "Ohiko instrumentuekin batera, pianoak, gitarrak eta baxuak osatuko dute taldea oraingoan, eta abeslari lanetan Jon Gurrutxaga elgoibartarra arituko da".
Gurrutxagak aurrez ere parte hartu izan du Queen taldearen omenezko bestelako kontzertu batzuetan, Elgoibarren adibidez, bertako Udal Musika Bandarekin batera eginiko emanaldietan. Horrez gain, beste hainbat proiektu eta taldetan ere parte hartu du urteotan, musikagintzan ibilbide oparoa egin baitu elgoibartarrak.