Deban eta Itziarren duela gutxi bidea egiten hasi den Altxa Burua mugimenduak Gurea erabil dezakezu kanpaina jarri berri du abian Debalai merkatarien elkartearekin eta udalarekin elkarlanean. Egitasmoaren bultzatzaileek azaldu dutenez, "haurren zaintza sarea zabalduz eta sendotuz", adin goiztiarretan gailu mugikorren erabilera murriztu eta haurren autonomia areagotzea da kanpainaren helburua.
Asmo horretatik abiatuta, Gurea erabil dezakezu lelopean egitasmo berria jarri dute martxan udalerrian. Hala, kanpainari esker, udalerriko haurrek eta nerabeek edozein larrialdiren aurrean dei bat egin nahi badute, egitasmoarekin bat egin duten establezimenduetako telefonoak erabili ahal izango dituzte.Zehaztu dutenez, "erraz" identifika daitezke beren telefonoak erabilgarri jarri dituzten merkataritza eta ostalaritza establezimendu horiek. "Lokal horiek beren erakusleihoetan identifikazio-eranskailu bat erakutsiko dute, udal-ekipamenduek bezala".
Azpimarratu dutenez, establezimendu horiek haurrentzat zein nerabeentzat "babeslekuak, laguntza-lekuak eta harreman-iturriak" izatea nahi dute. Hori bai, nabarmendu dutenez, telefono zerbitzua erabiltzearen truke erabiltzaileek arau batzuk bete beharko dituzte. "Besteak beste, errespetuz sartu beharko dira saltokietan, beraien beharra konpartitu eta eskerrak emanez agurtu".
Oraingoz, Deba eta Itziarko 30 establezimenduk baino gehiagok eskaintzen dute euren telefonoa erabiltzeko aukera, baina sarea zabaltzen jarraitzeko, gehiagok parte hartzeko aukera zabalik dagoela gogorarazi dute. "Establezimendu guztiei irekia dago". Kanpainarekin bat egiteko asmoa dutenek altxaburuadebaitziar@gmail.com posta elektronikora idatzi besterik ez dutela esan dute.