Gure Giro zikloaren egitarauaren bigarren astea ere ekitaldiz beteta dator

Berriketan 2024ko uzt. 1a, 12:52

Aste honetan izaera ezberdineko beste bost hitzorduz gozatzeko aukera izango da.

Bihar (uztailak 2), esaterako, doako bi dantza ikastaroz gozatzeko aukera izango da. 11:30ean hasita, koreografia solteak erakutsiko dituzte eta, 18:00etatik aurrera, berriz, salsa, bachata eta txa-txa-txa dantzetan sakontzeko aukera izango dute dantzazaleek. Kultur Elkartean izango dira hitzorduak, baina euria ari badu, estalitako pasealekuan emango dituzte ikastaroak. Antolatzaileek nabarmendu dutenez, ez da beharrezkoa aurrez izena ematea.

Asteazkenean (uztailak 3), berriz, Marea Gora hitzaldi sortaren baitako bigarren hitzaldia izango da, 19:00etan, Kultur Elkarteko aretoan. Arantxa Urretabizkaia idazle donostiarra gonbidatu dute hizlari lanetan aritzeko eta Azken etxea liburua eta zahartzaroa izango ditu hizpide.

Porrotx eta Marimotots

Ostegunean (uztailak 4), aldiz, belaunaldi eta profil ezberdineko herritarrei zuzenduriko beste bi ekintza izango dira aukeran. 18:00etan hasita, Porrotx eta Marimotots pailazoek haurrei eta familiei eskainitako Zorionak Marimotots ikuskizuna izango da Aldats pilotalekuan. Zuhatza-Kolore Anitzen ekimenez egingo da emanaldia eta sarrerak Internet bidez eros daitezke, sei euroan (Zuhatza elkarteko bazkideek bi euroko deskontua izango dute).

Marimototsen amaren heriotza abiapuntu hartuta, dolua lantzen duen ikuskizuna da, 2020ko azaroan estreinatu zuten Amaren Intxaurrak izenekoaren formatu egokitua. Nolanahi ere, oholtza gainean bakarrik egongo diren Porrotx eta Marimotots pailazoen emanaldian ez dira ohiko kantuak eta bestelakoak ere faltako, publikoaren gozamenerako. "Dolua igarota, ipuin kontari, kantari, dantzan eta jolasean ariko gara", aurreratu dute protagonistek.

20:30ean izango da eguneko bigarren hitzordua. Barre Giro euskarazko umorezko bakarrizketen baitako bigarren saio honetan Aiora Enparantza, Mitxel Martinez eta Beñat Iturbe igoko dira Kultur Elkarteko oholtzara; aurreko astean bezala, Manex Astigarragak gidatuko du saioa. Sarrerak Internet bidez eros daitezke (esteka honetan).

Irteera gidatua

Aste honetako proposamenak larunbaterako (uztailak 6) aurreikusita dagoen doako irteera gidatu batekin amaituko dituzte. Interesa dutenek Santa Maria Elizari buruzko hainbat xehetasunen berri jasotzeko aukera izango dute Alex Turrillas Aranzetaren eskutik. Antolatzaileek azpimarratu dutenez, parte hartzeko ezinbestekoa da izena aldez aurretik ematea; interesa dutenek honako estekan sartuta edo 625 70 52 80 telefono zenbakira deituta izena eman dezakete.