Atsekabea eragin du Salvador Martinez dultzaineroaren heriotzak

Berriketan 2024ko uzt. 1a, 12:36

Musikaria ustekabean hil zen atzo (ekainak 30); albisteak atsekabetuta laga ditu lizarratarra ezagutzeko aukera izan duten asko eta asko.

Salvador Martinez Garate atzo (ekainak 30) zendu zen Bergaran, 67 urte zituela; musikari nafarra ustekabean hil zen, San Martzial Eguneko ospakizunetan parte hartzera zihoala. Eta gertaera lazgarria jazo eta berria azkar asko zabaldu zen herrian, baita eskualdean eta beste hainbat lekutan ere.

Albisteak suminduta laga ditu Martinez gertutik ezagutzeko aukera izan duten asko eta asko. Bere ingurukoek nabarmendu dutenez, igarotzen zen leku guztietan "arrastoa" uzten zuen horietakoa zen.

Harreman estua izan du Debarekin. Besteak beste, Deba Musikal Patronatuko irakaslea izan zen eta urte luzez Debako festetako gaiteroa ere izan da; duela gutxi ere izan genuen udalerrian, dultzaina eskuetan Debarren Egunaren baitako ospakizunetan parte hartzen, hain justu. Harreman horri esker,  "oso maitatua" izan da herrian eta horren erakusgarri da bere figura irudikatzen duen erraldoi bat ere badela Deban.

"Tristura handia"

Sare sozialetan ere dolumin mezuak zabaldu dira azken orduetan. Debako Udalak, adibidez, doluminak helarazi dizkie haren senitarteko guztiei udalaren eta herriaren izenean. Alazne Txurruka alkateak ere honako hitzak idatzi ditu sare sozialetan: "Ez da debarrik ezagutzen ez zintuenik, adina edozein izanda ere. Faltan botako zaitugu eta gaitaren soinua entzutean guztion gogoan izango zara. Debako musika eskolako irakasle ere hainbat urtetan, bertako ikasleek ere faltan izango zaituzte. Erraldoiak ateratzean, baina, gure artean izango zaitugu. Eskerrik asko hainbestegatik!".

 

Debako EH Bilduk, bere aldetik, honako mezua zabaldu du: "Gure herriko kaleak urtez urte alaitu dituen eta dultzainero berrien harrobiaren arduradun izan den Salva Martinezek utzi gaitu. Dultzainaren doinuak jarraituko du eta berarekin gertu izango zaitu Debako herriak".

Besteak beste, Debako Musika Bandak ere atsekabea azaldu du musikariaren heriotzagatik. "Bandaren lagun handia izan den Salva Martinezek utzi gaitu. Urte askoan, festak edota egun bereziak alaitzen ibili den musikari bikaina izateaz gain, musika eskolako irakasle izan da, herriko erreferente musikal eta maitatuenetako bat bilakatuz. Bandarekin eta bandako kideekin edukitako harremana, zintzotasuna eta alaitasuna bihotzean eramango ditugu. Doluminak familia, lagun eta musikari kideei. Bereziki bidelagun izan dituen Juan Carlos eta Gorkari. Salva, musika sortzen dugun bitartean gogoan izango zaitugu! Goian bego".

Lau hamarkada baino gehiago

Martinez Garate oso ezaguna izan da dultzaina munduan eta ekarpen handia egin du instrumentu hori zabaltzeko orduan. Juan Carlos Duñabeitia Cardielekin batera, bikote beteranoenetako bat zen Nafarroan, eta 'Lizarrako Gaiteroetan' bere lan profesional guztia gaitari eskaintzen zion bakarrenetakoa. 80. hamarkada hasieran hasi ziren elkarrekin jotzen eta Gorka Sarasa danbor-jolearekin batera, nafar gaitaren "estellica" tradizio aberats eta luzearen ordezkari eta oinordeko bihurtu dira. 

Dultzaina eskolak ere ematen zituen, baina Martinez ez zen instrumentu hori jo eta irakastera mugatzen, gaitak eta danborrak egiteko tailer bat ere bazuen etxean.

Azken agurra gaur (uztailak 1) eskainiko diote, Lizarrako San Juan Bautista elizan, 19:00etan.