Musika elektronikoaren eta abangoardiako musikaren zaleak zorioneko dira, musika estilo hori jorratzen duen Dantz Point jaialdiak geldialdia egingo baitu larunbatean (ekainak 29) Deban. 19:00etan emango diote hasiera jaialdiari eta 01:00etara bitartean, Alexander Loop, Murxi, Olber eta BRGS euskal artistak arduratuko dira kioskoa eta inguruak musikaz girotzeaz. Antolatzaileek azpimarratu dutenez, musika elektronikoaren munduan "ibilbide eta ezagutza handia" dute artista gonbidatu guztiek.
Azaldu dutenez, aire zabalean egingo den doako ekitaldiaren helburua honakoa da: musika elektronikoa eta abangoardiako musika ardatz hartuta, udalerriko ondareari eta kulturari balioa ematea. Zentzu horretan, hitzorduaren kokapena ez dutela nolanahi aukeratu nabarmendu dute. Hain zuzen ere, zumardiko kioskoa hautatu dute Dantz Point-aren bitartez udalerriko ondarea balioesteko asmoarekin, Debako ondarearen ikurretako bat, alegia.
Zehaztu dutenez, kioskoa musikari lotua egon da beti, eta horregatik aukeratu dute. "Artista asko igaro dira bertatik, hala nola danbolin-joleak, musika bandak eta pianistak. Orain, kioskoaren izanari eta nortasunari jarraipena emanez, Dantz Point ekitaldiak musika ikuspegi eta estilo berritzailea gehituko dio kioskoari, bertaratzen diren guztiei aisialdirako eta gozamenerako jardunaldi bikaina eskainiz".
Musika elektronikoak izango du protagonismoa, baina eskaintza gastronomikoaz ere gozatu ahal izango dela iragarri dute. Horretarako, foodtruck-ak jarriko dituzte. "Ekitaldiak ardatz izango ditu iraunkortasuna, berdintasuna, talentuaren sustapena eta ondarearen balorazioa eta, horiek oinarri hartuta, hondakinik gabeko ekitaldia antolatu da. Hala, iraunkortasuna eta hondakinen kudeaketa egokia bultzatzeko, edalontzi berrerabilgarriak eskainiko dira lehen edariarekin batera".
Artistak, gertutik
- Alexander Loop. Alex Aizpuru, Alexander Loop izenaz ezaguna, azpeitiarra da eta 14 urterekin hasi zen musika elektronikoaz interesatzen eta progressive estiloa pintxatzen. 16 urterekin, tekno estiloarekin hasi zen eta, besteak beste, Txitxarro, Dabadaba edo Pagoa bezalako lekuetan aritu izan da. Progressiveaz gain, bumping bezalako musika estiloak ere lantzen ditu biniloz. 20 urte zituela, Inox aretoaren (Azpeitia) gidaritza hartu zuen eta beste herrialde batzuetako artista ugari ekarri zituen bertara, hala nola Indira Paganotto, Digitaria edo Rex the Dog.
-
Murxi. Unai Urcelayk Murxi izen artistikoa erabiltzen du; Azkoitian jaio zen eta txikitatik izan du musikarekiko grina. Bere lehen nahasketa-mahaia erostea erabaki eta saioak prestatzen hasi zen, eta gaur egun inguruko jaialdietan eta diskoteka edo tabernetako jaietan parte hartzen du. Elektroarekin hasi zen arren, bere eskaintza elektro eta elektro house bezalako musika estiloetara ere zabaltzen ari da.
-
Olber. Ander Iribarrek, musika eszenan Olber bezala ezaguna, inguruko DJ kabinetara eraman du musikarekiko grina. Txalintxon (Azkoitia) hasi zuen bere ibilbidea eta Tech House generoa aukeratu zuen hastapenetan. Denborarekin, bere estiloa aldatu egin da, Progressive Techno, Indie Dance eta Afro House-en eraginak gehituz eta Blue Fever (Bilbo) areto ikonikoan eta Gipuzkoako hainbat lokaletan aritu izan da. Gaur egun, 80ko hamarkadako musikaren eragina izan duela aitortzen du eta bere gustu musikala "hobetu" du House, Indie Dance, Melodic House eta Italo Disco estiloak ere landuta. Bere helburua soinu moderno eta zaharrak melodia alaiekin uztartzea dela dio, set bakoitzean giro ona sortzeko.
-
BRGS. Iban Borgas, BRGS bezala ezaguna, musika elektronikoa maite duen aretxabaletarra da. 12 urte inguru zituela hasi zen diskoak biltzen eta jartzen. Bere eragin nagusiak, besteak beste, house, electro tech minimal eta soinu garratzak izan dira. Azken urteotan, tokiko hainbat areto eta lokaletan aritu da, eta Fabela Party TV bezalako proiektuak sortu ditu. Gaur egun, Ezkutu Dance Club proiektuan murgilduta dabil. Zortzi urte daramatza gaueko aisialdi hitzorduetan parte hartzen eta bertako nahiz atzerriko hainbat artistekin egiten du lan.