Zumardiko parkeaz gozatzen duten haurren "segurtasuna eta erosotasuna" bermatzeko helburuarekin, jolas parkea eraberritzeko lanak hasi dituzte. Udal iturriek jakinarazi dutenez, duela gutxi aurkeztutako Gobernu Planean jasotako proiektu estrategikoetako baten barruan sartzen dira lanak eta asmoa da "espazio hori egungo beharretara egokitzea eta herritarrei aisialdirako eta gozamenerako kalitatezko espazio berritua, segurua eta zaindu bat eskaintzea".
Ekainaren 20an hasi zituzten lanak eta, zehaztu dutenez, datozen egunotan egoera "kaskarrean" dauden parkeko elementuak ordeztu eta parkeko zoruaren garbiketa orokor eta sakon bat egingo dute. Lehendabizi, eraberritze lanak egingo dituzte eta, ondoren, tirolinaren, partxis eta xake mahaien azpiko zein hiru dimentsiotako sarearen eremua asfaltatuko dituzte.
Futbolean aritzeko eremua ere berrituko dutela esan dute; belar artifiziala jarriko dute bertan. Gauzak horrela, eta lanek iraun bitartean, parkeko hainbat eremu itxita egongo dira, horietan konponketa lanak aurrera eraman ahal izateko. Aurreikuspenak betetzen badira, aste honen bukaerarako amaituko dituzte lanak.