Gaztelekua dinamizatzeko zerbitzua lizitaziora atera du udalak

Berriketan 2024ko eka. 28a, 12:25

Bestalde, martxan da Gaztelekuko logotipoa berritzeko lehiaketa ere; astelehena (uztailak 1) da lanak aurkezteko azken eguna.

Udalerriko debarren garapen pertsonal eta sozialari lagunduko dion "aisialdi eraikitzailea" sustatzen jarraitzeko helburuarekin, Gaztelekuko zerbitzua kontratatzeko prozedura abiarazi du udalak. Urtebeterako kontratua sinatu nahi du tokiko erakundeak, baina beste urte batez luzatzeko aukera dagoela esan dute.

Dinamizazio zerbitzuak, besteren artean, 12 eta 17 urte bitarteko nerabeentzako "ingurune egokia" eta arreta zuzen eta pertsonalizatua eskaini beharko dituela esan dute

136.416,74 eurokoa (BEZ barne) da aurrekontua eta nabarmendu dutenez, kontratua prozedura ireki baten bidez esleituko da. Interesa dutenek Euskadiko Kontratazio Publikoaren Plataformaren bidez aurkeztu beharko dituzte proposamenak; uztailaren 3an amaitzen da eskaintzak elektronikoki aurkezteko epea. 

Eman beharko den zerbitzuari dagokionez, azaldu dute zerbitzuak 12 eta 17 urte bitarteko nerabeentzako "ingurune egokia" eta arreta zuzen eta pertsonalizatua eskaini beharko dituela. Horrekin batera, orientazio, laguntza eta aisialdia hezitzaileko jarduerak ere jaso beharko ditu, baita arrisku-egoeran edo babesgabetasun arinean dauden gazteei zuzendutako Nerabide izeneko gizarte- eta hezkuntza-arloko esku-hartze programa espezifikoa ere.

Lizitazio baldintzetan, zerbitzuak bete beharreko ordutegi eta egutegia ere zehazten da. "Zerbitzuak arreta zuzena eskaini beharko du irailetik uztailera bitartean, biak barne, eta itxita egongo da urteko astelehen guztietan, abuztuan eta Gabonetako jaiegunetan". Lizitazioari buruzko informazio guztia, HEMEN eskuragarri.

Logotipo lehiaketa

Debako Udalak eta Gaztelekuak azken honen logotipoa berritu nahi dute eta berritze prozesu horretan, eta gazteen parte-hartzea eta inplikazioa sustatze aldera, logotipo berria sortzeko lehiaketa jarri dute martxan. Lehiaketa hori 2006-2011 urte bitarteko Debako zein Itziarko gazteei zuzenduta dago eta horiek banaka zein taldeka parte hartu ahal izango dute.

Proposamenak originalak eta argitaratu gabeak izan beharko dira eta azpimarratu dutenez, "ez da, inondik inora, kopiarik onartuko"

Jakinarazi dutenez, Debako Udaleko gazteria teknikariak eta zinegotziak osatutako epaimahaiak aukeratuko du lehiaketaren irabazlea eta, sari gisa, Debalai elkarteko dendetan gastatzeko 100 euroko bonu bat jasoko du.

Astelehena (uztailak 1) da lanak aurkezteko azken eguna eta parte hartzeko interesa dutenek bi bide izango dituzte aukeran. Proposamenak aurrez aurre aurkeztu nahi dituztenek Gaztelekura bertaratu beharko dute. Horiek elektronikoki bidali nahi dituztenek, berriz, debakogaztelekua2@gmail.com helbidera idatzita aurkeztu ahal izango dituzte. "Azken kasu honetan mezuaren gaia ‘Logotipo lehiaketa’ izan beharko da eta mezuak parte hartzailearen izen-abizenak eta harremanetarako kontaktua jaso beharko ditu".

Proposamenak originalak eta argitaratu gabeak izan beharko dira eta azpimarratu dutenez, "ez da, inondik inora, kopiarik onartuko". Zehaztu dutenez, irudiarekin batera 'Debako Gaztelekua' testua ere azaldu beharko da. "Irudia sortzeko teknika librea izango da eta gutxienez hiru kolore erabiltzea gomendatzen da. Lehiaketatik kanpo geldituko dira konnotazio sexista, arrazista, homofobo edo edonor mintzeko logotipoak".