GUTUNA

"Negozioa eten, alokairu publiko eta soziala orain!"

LAB - Abiatu Asanblada 2024ko uzt. 16a, 13:42

LAB sindikatuko Abiatu Asanbladak ondoko gutuna igorri du Berriketan aldizkarira:

Nork ez du bizi etxebizitza problematika bere azalean? Alokairuen prezioa etengabe igotzen ari da, eta gure herrian bizitzea gero eta zailagoa zaigu. Hipoteka aldakorra sinatuta, kuotak bikoiztu egin dizkigute, eta finkoa genuenok ere urte luzeak eman behar ditugu oraindik banketxeari eta zorrari lotuta. Etxebizitza publikoaren itxaron zerrenda luzeegia da, eta eskaintza murritzegia. Pentsioaren zatirik handiena etxebizitza gastuetara bideratzen dugun bitartean, seme-alabak eta ilobak emantzipatu ezinik dabiltza. Zer esanik ez ama bakarra garenok, beste herrialdeetatik etorri garenok, erroldarik ere ez dugunok.

Etxebizitza, negozio bide oparoa batzuentzat eta eskubide ukatua gehienontzat. Ez da bidezkoa.

Aterabideak kolektiboa izan behar duela sinetsita gaude. Etxebizitza eskubidea bermatzeko merkatuaren logikatik ateratzea ezinbestekoa da, eskubide unibertsala eta erreala izan dadin. Pertsonarik ez dadin egon aterpe duinik gabe. Eta badakigu eskubide guztiak lortu diren modu berean lortu beharko dugula hau ere: elkarrekin antolatuz, borroka eginez.

Etxejabeei presio eginez arazo asko konpondu daitezke; instituzioak interpelatuz, politika publikoak aldatu daitezke. Parke publikoa handitzea eta etxe hutsen zergapetzea, besteak beste, borondate politiko kontua direlako.

Etxebizitzaren arazoan, lan gatazketan bezala, langileon bizi baldintzak hobetu, gure aldeko neurriak irabazi eta garaipenak lortzeko presio sindikala beharrezkoa izango da. Haiek antolatuta daude. Guk ere antolatu beharra dugu. Etxebizitza publiko eta sozialaren alde. Alokairu eta hipoteken prezioak jaisteko. Funts putre, banketxe, etxe-agentzia eta etxejabeen espekulazioaren aurka. Higiezinen patronalaren abusuei aurre egiteko. LAB borrokarako prest!