Erdi betea ala erdi hutsa? Maiz galdetu ohi da basoa nola dagoen. Ez erdi betea, ez erdi hutsa: bete-betea egon da Kultur Elkarteko aretoa maiatzeko lau arratsaldetan. Baso Bete Zientzia ekimenaren baitan antolatutako hitzaldiak adi-adi eta ikusminez jarraitu dituzue zuetako askok. Hitzaldi horietan, herriko zientzialariek arlo ezberdinei buruzko gaiak aurkeztu dituzte herrikideen aurrean, pintxo-potearekin uztartuta.
Eskerrak eman nahi dizkizuegu ekimen honi eman diozuen erantzun beroagatik. Herri honetan ezagutza zientifiko eta teknologikoarekiko interesa bizirik dagoela erakutsi duzue. Espero dugu zuen basoak zientziaz bete izana, zipriztindu behintzat, jakin-mina ere ase izana, zenituzten zalantzetako batzuk argituz eta, are garrantzitsuagoa dena, galdera berriak sortu izana ere espero dugu. Gure aldetik saiatu gara behintzat.
Erdi hutsik zeuden basoen artean sortutako ideia forma hartuz joan da pixkanaka, eta konturatzerako, Baso Bete Zientziaren lehenengo edizioari amaiera eman diogu. Plazera izan da gure ikerketa gaiak herrikideen aurrean aurkezteko eta azaltzeko aukera izatea, eta horretan ezinbestekoa izan da Kultur Elkartea. Aurtengoan hainbat gai jorratu ditugu: fabrikazio-gehigarria eta bere erronkak, sistema kanabinoidearen garrantzia, alzheimer gaixotasunaren prebentzioa, argiaren lokalizazioa nanoeskalan, ilustrazio zientifikoaren ahalmenak, fisika kuantikoa eta materialen propietateak, mikrobiotaren eragina ongizatean, adimen artifiziala, neutrinoen detekzioa...
Ea hurrengo edizioak zer dakarren, ekimenak izan duen harrera ikusita hau errepikatu beharra dago eta. Beraz, hurrengo ediziora arte!