ELKARRIZKETA

Iñaki Sagarna Urzelai: "Hemingwayren kasuan ere, kondairek benetako istorioa estaltzen dute"

Berriketan 2024ko uzt. 2a, 10:21

Bigarren Hezkuntzako irakaslea da lanbidez, baina uztailean Donostian eta Bilbon egingo diren Ernest Hemingway eta Euskal Herria kongresuko zuzendari tekniko lanetan ere badabil uneotan Iñaki Sagarna (Deba, 1995).

Uztailaren 14tik 20ra bitartean egingo diren topaketak aitzakiatzat hartuta, Ernest Hemingway AEBetako idazle eta kazetariaren obra eta bizitza ezagutzen dituen Iñaki Sagarna historialari debarra elkarrizketatu du Berriketan aldizkariak. 

Nola laburbilduko zenuke jardunaldien mamia? 
Finean, ia astebeteko kongresu akademiko bat da eta munduan sakabanatuta dauden idazle amerikarraren bueltako ikerlariak eta zaleak biltzea eta azken urteetan ikerkuntzan izan diren berrikuntzak eta aurkikuntzak gizarteratzea du xede. Horrez gain, saretzeko ere balio dute halako batzarrek, etorkizuneko ikerketa ildo ezberdinei begira. Gainera, bertaratzen direnek Nobel amerikarrak kongresua egiten den tokiarekin zuen harremana esploratzeko aukera izaten dute, eta kasu honetan Hemingwayek aipatutako Euskal Herriko leku batzuk ezagutzera gonbidatuko ditugu. Interesa izanez gero, udarako plan interesgarria izan daiteke.

"Idahon nengoela, bertan bizi ziren euskaldunen historia ikertzen hasi nintzen, eta orduan ikusi nuen haietako askok harremana zutela idazlearekin"

Zer nolako ekintzak antolatuko dituzue?  
Hitzaldiak egingo dira ia egunero; 50 bat pertsona izango ditugu beren ikerketak entzuleekin partekatzen. Nahiko kongresu handia da, 250-300 bat lagun mugituko ditu, eta atipikoa ere bai. Hizketaldiez gain, alderdi sozialak ere pisu handia du: irekiera ekitaldiko afarian, adibidez, bertsolariak ariko dira. Eta Hemingwayek Jai Alairekin izan zuen lotura dela eta, kongresukideek erakustaldi txiki batez ere gozatuko dute, besteak beste, Bilboko Deportibo frontoian. Jardueretan parte hartu ahal izateko, izena eman behar da kongresuan, eta horretarako beharrezkoa da Hemingway Society-ko kide izatea. Baina badago kongresura etorri ezin direnentzako doako jarduera bat ere: Donostia Kulturari esker, Aieteko kultur etxean Hemingway eta Euskal Herria erakusketa izango da, ekainaren 15etik irailaren 14ra bitartean.

Aurten Donostian eta Bilbon egingo dira topaketak. Irizpide jakin batzuen arabera hautatzen da kokagunea?  
Bi urtean behin lekuz aldatzen da. Tokiek idazlearen bizitzarekin eta obrarekin izan dezaketen loturaz harago, kongresua egin ahal izateko proposamen bat aurkeztu behar izaten da. Gu, adibidez, biltzarra Genova-Rapallon egiteko proposamen baten aurka lehiatu ginen eta nahiko lehia gogorra izan zen, baina zorionez gure aukerak irabazi zuen. Idazlea Euskal Herrira etorri zeneko mendeurrena 2023an bete izana zen gure aitzakia nagusia. Baina ez zen kongresua hona ekartzeko arrazoi bakarra, Donostia-Bilbon eta inguruetan makina bat aldiz izana baitzen idazlea; batez ere 1920 eta 30eko hamarkadan, baita 1950ekoan ere. Gainera, 1923tik 1961era Idahon, Kuban zein Manilan ere euskaldun ugarirekin harremanetan izan zen.

Nolatan murgildu zara ekimen honetan?
Kasualitatez bukatu nuen hau antolatzen. 2019an Idahoko Sun Valleyen egin nuen lan, Hemingway bizi izan zen azken etxean, bere buruaz beste egin zuen hartan. Objektuen katalogazio lan bat besterik ez nuela egingo uste nuen eta hara joan aurretik hasi nintzen idazlearen gainean zertxobait ikertzen. Idahora joan aurretik, Edorta Jimenezekin eta Javier Muñozekin harremanetan jarri nintzen, haiek BasqueTourrekin lanean zebiltzalako Hemingwayek Euskal Herriarekin zituen harremanak ikertzen. Gero, han nengoela, bertan bizi ziren euskaldunen historia ikertzen hasi nintzen, eta orduan ikusi nuen haietako askok harremana zutela idazlearekin.

Eta horrek sendotu egin zuen ikerketa? 
Ikerketa pixkanaka handituz eta itxura hartzen joan zen. Lan egiten nuen erakundeak (The Community Library) urtero Ketchumen antolatzen duen Annual Ernest Hemingway Idaho Seminar mintegi garrantzitsuan eman nuen aurkikuntzen berri. Nire berriketaldia gustuko izan zuen kongresura gonbidatuta joan zen hizlarietako batek, eta hark esan zidan Euskal Herrian ez zela aspaldian kongresurik egin. Hemingway Society-ko lehendakariarekin kontaktuan jarri ninduen eta hiruron artean honi forma ematen hasi ginen. Ideia BasqueTourreri helarazi eta erakunde horren laguntza lortu genuen. Eta azkenean, gauza batek bestera eraman eta abentura honi ekin nion. 2022. urtean Wyoming-Montanan izan zen kongresura joan nintzen, eta bertan hitzaldi bat emateaz gain, esperientzia hura gauzak nola antolatzen diren ikusteko ere baliatu nuen.

Beraz, aurrez ere parte hartu izan duzu Hemingwayrekin lotutako bestelako ekimen batzuetan.
Hiruzpalau hitzaldi eman ditut 2019az geroztik; Idahon lehena, eta ondoren Gernikako Museoan, Auritzen eta Iruñean idazlearen bisitaren mendeurrenaren harira egin ziren ekimenetan parte hartu nuen. Horrez gain, Edorta Jimenezek Gernikako Euskal Herria museo-arentzat komisariatu zuen erakusketarako Idahori buruzko informazioa eman nuen, eta erakusketa Auritz eta Eibarrera eraman zenean, panel gehigarriak egin nituen.

"Ingelesa gailentzen den kongresu handi batean mahai-inguru bat euskara hutsean egiteak beste dimentsio bat ematen dio gure hizkuntzari"

Antolakuntza lanetan ez ezik, zuzenean ere parte hartuko duzu uztaileko jardunaldietan, ezta? 
Bai, hala da. Hainbat mahai-inguru moderatuko ditut, tartean euskaraz egingo den bakarra: Ibai Azurmendik Hemingwayren kontakizun labur bat Barojaren kontu labur batekin alderatuko du; Josu Jimenezek idazlearen poesia batzuk euskaratu ditu eta horri buruz ariko da, eta Edorta Jimenezek Hemingway eta Gernikako bonbardaketaren arteko harremanak azalduko dizkigu. Beste mahai-inguru batean, Kirmen Uribek bere Elkarrekin esnatzeko ordua-ri buruz hitz egin eta pasarteren bat irakurriko du, eta hori gidatzen ere izango naiz, ingelesez eta euskaraz. Pozgarria da ia %100ean ingelesez hitz egingo den biltzar batean euskara entzun ahal izatea... Ingelesa gailentzen den kongresu handi batean mahai-inguru bat euskara hutsean egiteak beste dimentsio bat ematen dio gure hizkuntzari. Esan nahi du ikertzeko eta ikerketaren berri emateko hizkuntza bat ere badela euskara.

Itzul gaitezen zure ikerketa esparrura, Iñaki. Zergatik erabaki zenuen Hemingway bezalako artista bat ikertzea? 
Lehen aipatu bezala, nahiko kasualitatez hasi zen guztia, Idahon Historiako masterra egiten ari nintzela, hiru hilabeterako lan baten ondorioz. Ordutik, bestelako gauza batzuk egiten jarraitu dudan arren, Hemingway nire “denbora-pasako” ikerketa ildo bilakatu da. Artxibo batera noanean, beti begiratzen dut Hemingway izena. Askotan sorpresa ederrak aurkitu izan ditut...

Zerk erakarri edo harritu zintuen gehien haren bizitzaz?
Izan zituen harremanak eta bere izenak duen pisua. Uste baino toki gehiagotan agertzen da. Arreta ipiniz gero, bere izena edonon dago: prentsan, liburuetan, historia liburuetan... Onerako edo txarrerako, gehiago edo gutxiago, guztiek ezagutzen duten izen bat da. Hemingway esateak irudi bat ekartzen dizu burura; gure kasuan, normalean Iruñean ardoz bustiriko bizar ileurdina duen aitona idazle hura da, ezer gehiago. Ikertzen hasi eta haren bizitza euskaldunez josita zegoela ikusi nuen berehala. Ez ziren, gainera, ezezagunak; entzunda nituen pertsonaiak edota inguruan ezagutzen nuen jendearen senideak ziren. Idahon hiru hilabetez bizi izan nintzen emakume batekin gertatu zitzaidan, adibidez: haren aitak Hemingwayren eta haren laugarren emazte Mary Welshen arteko hainbat eskutitz zituen etxean gordeak... halako kontuak eta harremanak dira nire interesgune nagusia.

Idahoko egonaldia aipatu duzu... Zalantzarik gabe, Euskal Herritik jende andana joan zen hara sasoi batean, eta euskal komunitate sendoa izaten jarraitzen du, ezta?
Uste dut Boise eta Idaho aipatzerakoan ia guztioi datorkigula burura Ameriketan bizi den euskal-amerikar komunitatea. Oraindik ere bizi-bizirik dirauen komunitatea da, Boisen bereziki nabaria dena: hiriaren erdi-erdian Basque Block handi bat dago, alde batetik Euskal Museoa dagoela eta ondoan Euskal Etxea. Bien parean Leku-ona izeneko euskal jatetxea dago eta, hori gutxi balitz bezala, Euskal Museoaren beste aldean Gernika izeneko jatetxe batek ixten du blokea. Azken eraikin horren barruan Andueza frontoia dago eta aipatutako lau eraikinek osatzen duten plazan lauburuek, ikurrinek eta euskal kantek apaintzen dute zorua. Gainera, bost urtean behin ospatzen den euskal jaialdiak beste dimentsio bat ematen dio Boiseri. Diasporako toki ezagunenetarikoa dela esango nuke nik, erreferentea. Euskal komunitate handia izateaz gain, oso kontzentratua dago bertan.

Iaz ehun urte bete ziren idazlea lehen aldiz Iruñera etorri zenetik; 1926an Fiesta: Eguzkia jaikitzen da liburua idatzi zuen, eta ospe handia eman zien sanferminei. Baina agian askok ez dute jakingo Euskal Herriarekin  bestelako harremanik ere izan zuela, ezta?
Euskal Herrira makina bat aldiz etorri zen, 1923tik 1933ra bitartean batez ere; garai hartan ia-ia urtero pasa zen hemendik. Ondoren, 1950eko hamarkadara arte, Espainiako Gerra Zibila eta gerraostearengatik, ez zen Hegoaldera etorri, bitartean Iparraldean behin baino gehiagotan izan arren. 1950eko urteetan beste bost aldiz etorri zen bisitan. Gainera, Gerra Zibilaren ostean bizi izan zen bi tokietan, Idahon eta Kuban, makina bat euskaldunekin harremanetan izan zen. Kuban Jai Alaiko jokalariekin erlazio estua izan zuen, Felix Areitio Ermua edo Patchi Ibarluzearekin, esaterako. Halaber, Andres Untzain apaizarekin edo Juan Duñabeitia marinelarekin ere sekulako harremana izan zuen; Duñabeitia itsasoan ez zegoenean idazlearen etxean bizi izan zen. Gainera, ikerketarekin aurrera nindoala, Duñabeitia eta Ibarluzea nire txikitako lagunen senideak zirela jakin nuen... eta, hori gutxi balitz bezala, badirudi Deban ere izan zela.

"Ahaztu egiten zaigu 1920-30eko hamarkadan hemen zegoen Hemingway gazte hark idatzi zituela bere lanik onenak"

Deban ere izan zen, hortaz?
Tauromakiari buruz egin zuen lanean (Heriotza arratsean) Deba aipatzen du. Dena den, Deban izan ordez, Beran (Nafarroa) 1924. urtean jazotako gertakizun batzuei buruz hitz egiten du kasu horretan. 1960an, aldiz, badirudi Juan Manuel Madinaveitia Madrilgo udatiarra hondartza ondoan kokatua zegoen Hotel Playan bisitatu zuela; Hemingwayren medikua zen idazlea Espainian zegoenean, eta Madinaveitia mediku oñatiar ezagunaren semea zen Juan Manuel. Gerra Zibilaren garaian XII. Nazioarteko Brigadetako mediku zela ezagutu zuten elkar, eta hil arte lagunak izan ziren. Debara etortzen omen zen Juan Manuel eta egonaldi haietako batean gonbidatu zuen Hemingway berarekin egotera. Era berean, badakigu 1927ko uztailean idazleak Ignazio Zuloaga pintorea bisitatu zuela Santiagoetxen (Zumaia), Waldo Peirce margolariarekin batera.

Asko hitz egin eta idatzi izan da Hemingwayri buruz, bere obra literarioaz eta bizitza pertsonalaz ere bai. Emakumeak, alkohola, depresioa… Halakoek zenbat dute mitotik eta zenbat egiatik? 
Hemingwayren historia mitoz osatua dago eta mito asko errealak izan dira. Sekulako depresioa eta alkoholismoa izan zuen, baina asko karikaturizatzen eta nabarmentzen da hori, gehienetan larregi. Gainera, bere bizitzako azken urteetako kontuak dira. Adibidez, hemen ezaguna den Hemingway 1959ko ileurdin ardozale festazalearekin lotzen dugu, baina Hemingway horrek ez zuen apenas idatzi. Ahaztu egiten zaigu 1920-30eko hamarkadan hemen zegoen Hemingway gazte hark idatzi zituela bere lanik onenak, eta eleberriena baino gehiago istorio laburren maisua izan zela. Eta hori ezezaguna da guretzat. Era berean, ez da hainbeste aipatzen Hemingway antifaxista ere izan zela; askotan inperialismo amerikarraren ikurtzat hartzen bada ere, Gerra Zibilean errepublikak nazioartean izan zuen lagun onenetako bat izan zen, diru ekarpen handia egin baitzuen. 1959 -1960 urteetan Kubako iraultzaren alde lerratu zen publikoki New York Times-eko kazetari baten aurrean. Zoritxarrez, karikaturek gehiago saltzen dute, eta morbosoagoak izan ohi dira. Hemingwayren kasuan ere, kondairek benetako istorioa estaltzen dute.