Deban ere Arimen Gaua ospatu ahal izateko lanean hasita dago herritar talde bat; 2023ko urrian egin zuten lehenengo batzar irekia, eta gaur arratsaldean izango da bigarrena. Bien bitartean, dena den, herriko hainbat eragile eta taldetako kideekin ere aritu dira hartu-emanean.
Aipatu dutenez, "azken urteotan, urriaren 31ren bueltan, Debako herrian 'Halloween' delakoa ospatzen dela ikusi dugu. Gauza berria da gutako askorentzat, gu umeak ginenean ez genuen horrelakorik ezagutzen gure herrian; haurrak 'truco o trato' aritzen dira txoko ezberdinetan goxokiak eskatuz, janzten dituzten mozorroek ez dute zerikusirik gure herriarekin, kale-eskean erabiltzen duten hizkuntza ez da euskara eta ospakizunaren izena bera ere ez da ezaguna guretzat, film amerikarren bat ikusi ez baduzu behintzat".
Inguruko beste herri batzuetan, ordea, urteko sasoi horretan (data edo egun berean), bestelako ospakizunak egiten hasiak dira azken urteotan; Elgoibarren, Mutrikun, Oiartzunen, Eibarren, Lekeition, Pasaian, Arrasaten… Gau Beltza, Gaba Beltza edo Arimen Gaua ospatzen dute. Eta, horiek hala, ondoko herrietan zer egiten duten eta ospatzen duten hori nondik datorren jakiteko informazio bila hasi ziren Deban ere.
"Jakin dugu dokumentatua dagoela gaur egun Euskal Herriko hainbat lekutan ospatzen dituzten jai berri horien jatorria gure arbasoen ohitura zahar eta ospakizunetan dagoela. Alegia, Euskal Herrian badugu Halloween baino zaharragoa den ospakizun bat, eta gure arbasoek Gau Beltza edo Arimen Gaua izena eman zioten. Urteetan galdu egin den arren, udaren amaiera ospatzeko jai egun bat zen".
Berreskuratu edota berrasmatu
Ohitura zaharrak berreskuratu eta berriak sortzeko, gaurkotasunera ekartzeko ahaleginean hasiak dira, hain zuzen, hainbat herritan udazkeneko egun ilunetako jaiak antolatzen. "Eta Deban ere ospakizun horren inguruan aurten zerbait egitea gustatuko litzaiguke; euskaratik eta euskaraz, herritik sortua eta herriarentzat", azpimarratu dute.
Lehen urratsak ematen hasteko asmotan egingo da, hortaz, gaurko batzar irekia. Kultur Elkarteko liburutegian izango da, 19:00etan, eta herritar guztiak gonbidatu dituzte bertan parte hartzera. "Herri bakoitzaren errealitatea ezberdina den heinean, beharrezkoa da ospakizuna herri bakoitzeko errealitatera egokitzea, eta antolatze eta egokitze prozesu horretan denon beharra daukagu, denon laguntza beharko dugu".