El Salvador Elkartasuna Gobernuz Kanpoko Erakundearen Araba, Bizkai eta Gipuzkoako ordezkaritza 2021ean hasi zen bidea egiten, eta ordutik garapenerako lankidetza proiektu ezberdinak abiarazi ditu Erdialdeko Amerikako herrialde horretan.
Besteak beste, San Esteban Catarinako udalerrian (San Vicente departamenduan) emakumeak ahalduntzeko eta haien osasun sexualean eta ugalketa eskubideetan eragiteko helburuz dihardute lanean. "Komunitate horietako emakumeak ahalduntzen eta antolatzen saiatzen gara; bestela, etxean geratu beharko lukete, gizonen menpe", dio Miren Odriozola elkarteko arduradunak.
Azken hiru urteotan proiektu ezberdinak gauzatu ahal izan dituzte eta hori guztia, hein handi batean, zenbait udalek emandako laguntzari esker izan da posible. Babes ekonomikoa ematen duten udal horien artean dago, hain justu, Debakoa; 2023tik laguntzen du diruz. "2021ean eta 2022an Azpeitiko Udalean soilik eskatu genuen dirulaguntza, baina komunitate gehiagotan laguntzeko esperantzarekin, proiektu handiago bat osatu genuen 2023rako. Horiek hala, Debako eta Azkoitiko udaletan ere aurkeztu genuen proposamena, eta horien dirulaguntza ere jaso genuen", azaldu du Odriozolak.
Ia 9.000 euro
2023an, zehazki, 31.849 euroko aurrekontua izan zuten, eta horietatik 8.830 euro Debako Udalak jarri zituen; gainontzeko kopurua Azpeitiko Udalak (15.000 euro), Azkoitiko Udalak (5.000 euro) eta El Salvadorreko Pro-Vida elkarteak (3.019 euro) ipini zuten. "Udalen eta elkarteko bazkideen laguntzari esker (hogei bat bazkide ditugu Deban), adibidez, ehunka emakumeri zitologiak eta mamografiak egin genizkien. Izan ere, hango biztanleek ez dute nahikoa baliabide horretarako. Herrialdean arazo handia dute umetoki-lepoko minbiziarekin, emakumeen %30ek baino gehiagok pairatu dute, eta neurri horien helburua prebentzioa da".
Dagoeneko ezarri dituzte 2024rako erronkak eta, iragarri dutenez, ildo beretik eta antzeko proiektuetan lan egiten jarraitu nahi dute. "Landa eremuko emakumeen aldeko proiektu horiek komunitate gehiagotara hedatzea da helburua. Horregatik, aurrekontu handiagoa aurkeztu dugu eta, beraz, udal gehiagoren laguntza beharko da".
Bide horretan, orain arte babes ekonomikoa ematen duten hiru udaletan ez ezik, Tolosakoan ere eskaria egiteko intentzioa dutela azaldu dute. Proiektua hedatu ahal izateko 45.000 euro lortu nahi dituzte eta, deialdia argitaratzen denean, Deban ere egingo dute eskaera. "Ea lau udaletan aurreikusitako kopurua lortzen dugun".