Liburutegia Denontzat Taldeak amaitutzat eman du udal liburutegiko araudia aldatzeko eskatuz apirilean abiatu zuen sinadura bilketa. 500 atxikimendu jaso ondoren, taldea pozik azaldu da lortu duen babesarekin.
Orain, ordea, herritarren eskaera hori aintzat har dezala eskatu nahi diote udalari. "Bien bitartean, guk denontzako liburutegia eskatzen eta elkarbizitza erdigunean jartzen jarraituko dugu. Izan ere, liburutegiaren funtzionamendua hobetzea da asmoa; hau da, herritar guztien beharrak aseko dituen liburutegia izatea", nabarmendu dute.
Norbanakoek ez ezik, Debako eta Itziarko Zubi Guraso Elkarteak, Debako Kontalariek, Altxa Burua Elkarteak, Senzala Elkarteak, DIT Feministak, Debako Pentsiodunek eta Burdin Kurutz Mendi Taldeak ere bat egin dute taldearen eskakizunekin. Gaineratu dutenez, halaber, haur eta gazte literaturan eta beste hainbat esparrutan "erreferente" diren hainbatek ere babestu dute ekimena. Horien artean daude Ana Apika, Karla Fernandez de Ganboa, Maribel Aiertza, Beatriz Egizabal eta Pirritx, Porrotx eta Marimotots pailazoak.