Chernobil Elkartearen Atseden Programa Bereziari esker, Txernobyl inguruko 107 adingabe etorriko dira udan Hego Euskal Herrira. Elkarteko kideek emandako datuen arabera, Gipuzkoara iritsiko diren 49 haurretatik hiruk Deban egingo dute egonaldia, udako oporrak haiekin partekatzeko prest dauden harrera familiei esker.
Araban, Bizkaian, Gipuzkoan eta Nafarroan hartuko dituzten haur horiek Txernobylgo istripu nuklearrak kutsatutako eremutik gertu bizi dira eta, programari esker, uda "ezberdin" batez gozatzeko aukera izango dute. Oraindik ere erradiazioak eragina duen eremutik irten (1986ko apirilaren 26an jazo zen istripu nuklearra) eta, besteak beste, elikagai osasuntsuagoak jan ahal izango dituzte, baita osasun-azterketak egin ere.
"Ukraina suntsitzen" ari den gerra kontuan hartuta, gurera etorriko diren umeek bolada batez "leku seguru eta lasai batean" bizitzeko aukera izango dutela diote elkarteko kideek. "Lehen, kutsaduratik eta pobreziatik ihesi etortzen ziren. Orain, ordea, arazo horiei gerra gehitu zaie. Horregatik, beharrezkotzat jotzen dugu adingabe horiei arnasa ematea, aldi baterako bada ere, gerratik eta haren ondorioetatik urrun egon daitezen".