Herriko Odol Emaileen elkarteko kideek zehaztu dutenez, hain zuzen, maiatzeko odol ematea baino lehentxeago Euskadiko Odol Emaileen Elkarteko kideetako batek hitzaldi bat eman zien ikasleei eta, bertan, hainbat zalantza argitzeko tartea izan zuten.
"Bukaeran, gainera, erronka moduko bat proposatu genien. Duten adinagatik ezin dute odolik eman, baina, abian jarritako ekimenari esker, beren inguruko helduak gonbidatu zituzten hori egitera. Txartel batzuk prestatu zituzten eta erronkarekin bat egin zuten senideek txartel horiek aurkeztu behar zituzten gero. Horrela, ikasleen deialdiak izan zuen eraginaz ohartu ahal izan ginen eta, zeharka bada ere, ikasleek ere egitasmoan inplikatzeko aukera izan zuten", azaldu dute.
Horrez gain, Odol Emaileen elkarteak herrian egiten duen lana ere gertutik ezagutu ahal izan dute ikasleek. "Ekainaren 14an, Odol Emailearen Nazioarteko Egunarekin bat eginda, urte luzez elkartearen ardura izan duten Arantza Iriondo, Martina Zubizarreta eta Mari Carmen Lazkano izan ziren institutuan. Ikasleek egindako galderei erantzuten eta zalantzak argitzen aritu ziren eta, saioa amaitzean, urteetan egindako lanari aitortza egin zieten gazteek; bertso batzuk kantatu eta lore-sortak eman zizkieten opari".
Hona ekitaldian abestutako bertsoa (doinua: habanera):
Hainbat urte egon zarete
odol emaile lanetan.
Talde txiki bat sortuaz
lan eta lan urteetan.
Bizitza ugari zeuden
beti zuen eskuetan.
Asko lagundu duzue
medikuntza kontuetan.
Ta ezer espero gabe
odolaren ordainetan.
Zuek izango zarete
beti gure gogoetan.
Eskerrik asko bikote
denon partetik benetan (x2)