Zabalik dago San Roke festetako Umeen Eguneko danborradan izena emateko epea

Berriketan 2024ko eka. 24a, 09:27

Internet bidez bakarrik eman daiteke izena, uztailaren 8a baino lehen. Bestalde, Umeen Eguneko egitaraua aurrera ateratzeko boluntarioak behar dituztela ere jakinarazi dute antolatzaileek.

San Roke jaietan tradizio handiko ekitaldia izan ohi da Umeen Eguneko danborrada. Aurten ere abuztuaren 15ean izango da hitzordua, baina arratsaldez (17:30ean), eta bertan parte hartzeko izen-ematea zabalik dago.

Internet bidez bakarrik eman daiteke izena, uztailaren 8a baino lehen. Interesa dutenek esteka honetan dagoen formularioa bete beharko dute, adina kontuan hartu eta zein postutan parte hartu nahi duten adieraziz.

Umeen Eguna antolatzeaz arduratzen den herritar taldeak, gainera, egun horretako ekintzak aurrera eramateko boluntarioak behar dituela jakinarazi du; laguntzeko prest daudenek danborradan izena emateko erabilitako inprimaki bera bete beharko dute. 

Entseguak

Ohi bezala, entseguak ere egingo dituzte danborrada txukun prestatze aldera. Uztailaren 22an izango da lehena, 19:00etan, Ifar kaleko Luzaro eskolan. Uztailaren 29an, eta abuztuaren 5ean eta 12an izango dira hurrengo entseguak, toki eta ordu berean.