Eibar Igerixan Kirol Klubak antolatuta, Flysch Beltza igeriketa zeharkaldi ezaguna jokatuko dute ekainaren 29an. Aurten, gainera, berritasunekin dator kirol hitzordua. Izan ere, bi ibilbide izan ordez, ibilbide bakarra izango duela azaldu dute antolatzaileek.
Proban parte hartzen dutenek Mutrikuko portua eta Debako hondartza batuko dituen 3.000 metroko ibilbidea osatu beharko dute, 11:30ean abiatuta.
Ekainaren 25a da izena emateko azken eguna eta interesa dutenek kronoak.com webgunera jo beharko dute. Adinez nagusi den edonork izango du parte hartzeko aukera (federatuta egon ala ez), eta probak gehienez ere 500 parte hartzaile izango ditu aurten.
Dortsalak eta autobusak
Antolakuntzak iragarri duenez, Deban jaso beharko dira dortsalak; hondartzaren ondoan horretarako jarritako gunean banatuko dituzte, 08:00etatik aurrera.
Nahi dutenek, gainera, Debatik Mutrikuko irteera punturaino joateko autobus zerbitzu berezia izango dute erabilgarri. Lehenengo autobusa 09:30ean irtengo da eta azkena, berriz, 10:45ean.