Larunbatean (ekainak 22) eta igandean (ekainak 23), 11:00etatik 15:00etara, bigarren eskuko azoka bat egingo dute udaletxe azpiko arkupeetan. Herritar talde batek antolatu du ekimena eta iragarri dutenez, azokatik lortutako diru guztia Ukrainara bideratuko dute. "Urtean zenbaitetan antolatzen ditugu halako ekintzak, eta salmentetatik lortzen den dirua elkarte edo talde ezberdinei laguntzeko izan ohi da. Honakoarekin Ukrainako herritarrei laguntzea erabaki dugu, baina, aurrez, Aita Mari ontziari, Zaporeak proiektuari, Palestinako herritarrei... laguntzeko azokak ere antolatu ditugu".
Azokan askotariko objektuak jarriko dituzte salgai, "prezio xume batean". Izan ere, azpimarratu dute Ukrainako herritarrei laguntzea dela helburua. "Jendeak dohaintzan emandakoaren arabera, denetarik salduko dugu, baina gehienbat liburuak izango ditugu. Ume, gaztetxo zein nagusiei zuzendutako liburuak izango ditugu, hainbat hizkuntzatan, gainera. Horrez gain, jostailuak, puzzleak, peluxeak, patineteak, diskoak, poltsak, sukalderako gauzak, zapiak eta abar luze bat ere erosteko aukera ere egongo da".