Maitane Unanue lasturtarrak, Mirari Alkortak eta Xabier Etxanizek ondutako lana da Inoiz ez desagertzeko ipuina, eta egileek beraiek egin zuten atzo (ekainak 18) esku artean duten ipuinaren kontakizun musikatua Kultur Elkarteko aretoan.
Debako Kontalariek laburbildu bezala, "saio goxo eta zaindua" egin zuten. Unanuek jarri zion ahotsa kontakizunari eta bere hitzei bestelako osagarriak gehitu zizkion Alkortak: argiak, musika, gitarra doinuak... Bien bitartean, Xabier Etxaniz ilustratzailea arduratu zen atzeko pantailan ikusgai ziren irudiez.
Bost urtetik gorako haurrei zuzendutako liburua da Inoiz ez desagertzeko ipuina (Denonartean, 2023), eta beldurrei buruz mintzo da. Unanuek eta Alkortak osatzen duten Mimatuz proiektuaren baitako bigarren lana da; aurrez Hirugarrena orduan album ilustratua argitaratu zuten (liburu hari buruz orain bi urte egindako elkarrizketa hemen duzue irakurgai).