Debako Udal Musika eta Dantza Eskolak zabalik dauka 2024-2025 ikasturterako aurrematrikula egiteko epea. 4 urtetik gorako guztiek izena eman dezakete eskolan eta, gogorarazi dutenez, ostirala (ekainak 21) da aurrematrikula egiteko azken eguna. Musikari eta dantzari loturiko ikasketekin hasi edota horiei jarraipena emateko interesa dutenek eskolara bertaratu beharko dute izena ematera. Honakoa da bulego ordutegia: astelehenetik ostegunera, 14:00etatik 19:00etara eta ostiraletan, 10:00etatik 15:00etara.
Eskolako arduradunek jakitera eman dutenez, modalitate eta mota askotariko ikastaroak eta ikasketak egongo dira aukeran. "Musika eta Mugimendua (4-6 urte bitarteko haurrentzat), Musika Hizkuntza eta Euskal Dantzak dira nagusiak. Azken hau 7 urtetik aurrerako haur, gazte zein nagusi dago zuzenduta".
Gaineratu dutenez, instrumentu ikasketak ere eskainiko dituzte, baita kantu ikasketak ere. Zehaztu dutenez, musika tresnen ikasketa 7 urterekin hasten da, Musika Hizkuntza ikasgaiarekin batera. "Behin instrumentuarekin bizpahiru ikasturte bete ondoren, talde edo banda desberdinetan parte hartzeko aukera ere eskaintzen zaie ikasleei: Banda Gaztea, Big Band – Jazz Konboa, akordeoi taldea, eskusoinu-trikitilari taldea, gaiteroak, txistulari taldea eta korala".