Agirre Jauregiko erakusketa bisitatzen duenak, zehazki, Del Hierrok egindako 25 margolan ikusi ahal izango ditu; olio-pinturak dira guztiak. Nolanahi ere, artistak sortutako hainbat damaskinatu-lanen panel bat ere ikusgai izango da bertan.
Gaur (ekainak 14) zabalduko dute erakusketa eta bi asteburuz (ekainak 14, 15, 16, 21, 22 eta 23) egongo da zabalik. Ondorengoa izango da ordutegia: ostiraletan, 18:30etik 20:30era; larunbatetan, 12:30etik 14:30era eta 18:30etik 20:30era eta, igandetan, 12:30etik 14:30era. Bere hurbileko senideek azpimarratu dutenez, erakusketa Del Hierroren ibilbideari "omenaldi" bat da.
Egilearen bizitza
Del Hierro Erratzun jaio zen 1935eko martxoaren 22an eta nerabezaroan sortu zitzaion marrazkigintzarekiko interesa. "Bere bizitzako garai horretan jaso zituen lehen klaseak". Urte batzuk geroago, Eibarrera joan zen bizitzera, eta herri horretan pinturarekiko harreman "serioagoa eta zuzenagoa" izaten hasi zen, bere lanbide bihurtu arte. "Joan den mendeko 50. hamarkadaren erdialdean, Eibarko Damaskinatugintza Eskolan izena eman zuen. Behin ikasketak amaituta, herriko hainbat armagin enpresatan jardun zuen lanean".
1960. urtean, berriz, Ramon Gomez Pelegrin-ekin ezkondu zen eta bere lanbidea zena utzi eta margolari lanak ere alboratu zituen, familia bat osatzeko. 1966an, Debara joan zen bizitzera, eta bertan bizi da ordutik. 1994an alargundu zen eta zaletasunari "modu jarraituagoan" ekin ahal izan zion, gaur egunera arte. "Debako Haitz Haundi elkartearen laguntzarekin, margolaritza zaletasunari ekin zion berriro".