Debako Odol Emaileen elkarteko arduradunek azaldu dutenez, egun hori herritarrak sentsibilizatzeko aprobetxatuko dute. Emaile berriak erakartzeak "berebiziko garrantzia" du taldearentzat eta horretan jarri nahi dute indarra batez ere. "18:30etik aurrera, informazio mahai bat ipiniko dugu udaletxe azpiko arkupeetan eta bertan herritarren zalantzak eta kezkak argitzen saiatuko gara". Deban eta Itziarren urtean lau aldiz egiten dira odol ateraldiak, baina, zenbaitetan, hitzorduak libre geratzen direla diote taldekideek. Horren adibidetzat jarri dute azken saioa. "74 herritarrek eman zuten odola, baina jende gehiago ere agertu zen prest. Argi dago herrian odol emaile fidelak ditugula, baina gazteengana gerturatzea beharrezkoa dela iruditzen zaigu". Ohartarazi dutenez, "azken urteetako datuen arabera, 18 eta 37 urte bitarteko odol emaileen falta sumatzen da Deban".