Martxan da San Roke jaiak iragartzeko kartel lehiaketa

Berriketan 2024ko eka. 13a, 10:58

Edonork parte har dezake sariketan, betiere lan originalekin; ekainaren 27a da proposamenak aurkezteko azken eguna.

Kartela 2024ko San Roke jaietako egitaraua iragartzeko erabiliko da; horregatik, jai horien adierazle izateaz gain, ezaugarri batzuk bete beharko ditu. Jakitera eman dutenez, San Roke jaiak 2024-DEBA, abuztuak 14-18 testua eta udalaren logotipoa agertzea nahitaezkoa izango da.

Bestelako baldintza batzuk ere ezarri dituzte: proposamenak, derrigorrez, 50 x 70 zentimetrokoak eta bertikalak izan beharko dira. Kartelak, gainera, edukiz zein formaz originalak izan beharko dira, baita jendaurrean erakusteko egokiak ere. "Plagio edo kopia susmorik sortuko balitz, epailea taldeak erabakiko luke onartu ala baztertzeko eta erabakia apelaezina izango litzateke".

Lanak nahitaez aurrez aurre aurkeztu behar dira udaletxeko harrera bulegoan

Teknika eta kolore guztiak onartzen dira, eta ordenagailuz eginez gero, inprimatutako bertsioaz gain, kartelaren euskarri informatikoa ere aurkeztu beharko dela esan dute. "Kasu honetan goi-mailako erresoluzioko artxiboa eskatzen da eta, gutxienez, 300ppp. izan beharko ditu".

Lanak nahitaez aurrez aurre aurkeztu behar dira udaletxeko harrera bulegoan. Ekainaren 27a da horretarako azken eguna. "14:00ak baino lehen entregatu beharko dira". Lanak, berriz, euskarri gogorrean eta "behar bezala estalita" aurkeztu beharko dira, egilearen leloa kanpoan duela. "Lan bakoitzarekin batera kartazal itxi bat entregatuko da. Kartazal horren barruan egilearen izen-deiturak, posta elektronikoa eta telefonoa adieraziko dira". 

Aukeraketa prozesua

Jaiak iragarriko dituen kartel irabazlea hautatzeko prozesuak aurten ere bi fase izango ditu. Lehenik eta behin, herriko jaietan parte hartzea sustatzeko erakargarrienak eta egokienak diren hainbat lan finalista aukeratuko ditu epaimahaiak. Irabazlea aukeratzea, berriz, herritarren esku geratuko da. Horretarako, kartel finalistekin erakusketa bat osatuko dute, eta herritarrek bozketa bidez aukeratu ahal izango dute gustukoena.

Lehiaketan sari bakarra egongo dela zehaztu dute: 500 euro irabazlearentzat. Saririk jasotzen ez duten gainontzeko lanak, aldiz, abuztuaren 1etik 5era jaso ahal izango dituzte egileek. Lehiaketaren oinarriak udalaren webgunean daude ikusgai, eta horrez gain, informazio gehiago nahi duenak 943-19 28 40 telefono zenbakira deituta edota kultura@deba.eus helbide elektronikora idatzita eska dezakeela adierazi dute.