Alaitz Izaga dantza taldeko irakasle eta arduradunak azaldu duenez, 4 eta 70 urte bitarteko 105 dantzarik parte hartuko dute ikuskizunean. "Eskolan dabiltzan ia ikasle guztiak ariko dira oholtzan eta, ordubete eta laurdeneko tartean, ikasturtean ikasitako 23 koreografia aurkeztuko dituzte".
Izagak azpimarratu duenez, koreografia propioak taularatuko dituzte. "Amaia Cabero eskolako irakasleak eta nik neuk asmatutakoak edo sortutakoak dira. Hainbat estilotako dantzak aurkeztuko ditugu, bai musika aldetik, bai koreografia aldetik. Ballet klasikoa, dantza neoklasikoa, garaikidea, modernoa, jazza... denetik egongo dela aurreratu dezakegu".
Sarrerak
Sarrerak turismo bulegoan egongo dira eskuragarri, gaurtik (ekainak 10) aurrera, 4 euroren truke. "Saioaren egunean oraindik sarrerarik balego, emanaldia hasi aurretik pilotalekuko atean izango ditugu salgai".
Antolatu duten jaialdia "koloretsua, polita eta oso ezberdina" izango dela aurreratu du Izagak eta, hortaz, erakustaldiaz gozatzera gonbidatu ditu herritarrak. "Azken hilabeteotan buru-belarri ibili gara emanaldi hau prestatzen eta emaitza jendaurrean aurkezteko gogotsu daude dantzariak ere".