Hiru kanporaketa eta finala jokatu ostean, amaitutzat eman dute Algaraka Bakarrizketa Lehiaketaren lehen edizioa. Hamabi lehiakidek parte hartu dute hiru saioz osatuta egon den kanporaketa fasean, eta horietatik laurek eduki zuten aurreko ostiralean (maiatzak 31) Bergarako Seminarixoa aretoan jokatu zen finalean aritzeko aukera.
Finalistetako bat Manex Astigarraga debarra izan zen eta beraren aurka Ander Malbadi albiztuarra, Ion Martinez Txiki donostiarra eta Asier Galarza muxikarra lehiatu ziren umorez betetako finalean. Aretoa lepo beteta egon zen eta lehiakide bakoitzak umorea egiteko duen moduarekin, askotariko gaiak taularatu zituen.
Ikusleak algaraka ipini zituzten lehiakideen ateraldiek eta horien lana epaitzeko "lan zaila" izan bazuten ere, puntu gehien jasota, Ander Malbadi izendatu zuten irabazle, epaile lanetan aritu ziren Idoia Torregaraik, Ane Peritzek, Josu Zubiak eta alboan gonbidatu bezala izan zuten Yogurinha Borovak.
Bigarren postua, Ion Martinez Txiki-rentzat izan zen eta hirugarren, berriz, Asier Galarzarentzat. Manex Astigarragak, aldiz, Bergara saria eskuratu zuen.
Hona hemen sailkapena:
- Lehen saria (1.000 euro+Bergarako tostoiak+erreilenoak): Ander Malbadi.
- Bigarren saria (600 euro+Bergarako tostoiak+erreilenoak): Ion Martinez Txiki.
- Hirugarren saria (Bergarako Zumelaga jatetxean afaria eta Lamaino Etxeberri nekazari-etxean gaua eta gosaria): Asier Galarza.
- Bergara Saria (Bergaran erabiltzeko 250 euro bonutan): Manex Astigarraga.
Primeran plataforman ikusgai
Antolatzaileek jakitera eman dutenez, saio guztiak (hiru kanporaketak eta finala) dagoeneko ikusgai daude Primeran streaming plataforman.