Herriko TAO sistema legeztatzen duen ordenantzaren arabera, 5'5 m-tik gorako ibilgailuek ezin dute erdigunean aparkatu, soilik 5. gunean (Artzabal). Orain gutxi arte, debeku hori ez zen aplikatzen, eta "bertako" 5'5 metrotik gorako ibilgailuek gainontzeko "bertakoek" bezala aparkatzeko baimena zuten. Hainbat bizilagunen kexa abiapuntu, udalak egun batetik bestera ordenantza aplikatzeko erabakia hartu zuen. Arazoa? Ibilgailuek jendearen ibilbidea oztopatzea omen. Udalaren argudioen arabera: 1) Legea bete egin behar da. 2) Aparkalekuen neurria 5 m-koa izanik, ibilgailu luzeagoek ezin dute bertan aparkatu. 3) Udala ez dago aparkaleku alternatiborik eskaintzera behartuta.
Honen aurrean, legea fundamentuzko argudioetan oinarritu beharko litzatekeela uste dugu. Horrela izan ezean, arazoa aztertu eta herrian egon badauden alternatibak bilatu beharko lirateke: badaude espaloirik gabeko baterian aparkatzeko guneak, baita linean aparkatzeko marra jarraituak ere (banakako aparkalekuak bereizten ez dituztenak). Zergatik ez digute horietan aparkatzen uzten? Udaletik alternatibarik eskaintzeko derrigortasuna ez egonik ere, harrigarria da denok ordezkatzen gaituen alkatetzatik horrelako erantzunak jasotzea eta planteatutako proposamenak kontuan ez hartzea.
Honenbestez, azpimarratu nahi dugu gure ibilgailuek herriko hainbat lekutan ez dutela oztopatzen besteek aparkatzea, eta leku batzuetan ez dutela jendearen ibilbidea kaltetzen. Beraz, udalak egindako irizpide aldaketa errefusatu eta erdibideko neurriak badaudela defendatzen dugu. Guztiok ordaintzen ditugu gure ibilgailuari dagozkion zergak eta "bertako" txartela. Batzuk lanerako ibilgailu gisa erabiltzen dugu furgoneta eta hau Artzabalen izateak ez digu egunerokotasuna leuntzen. Ez gatoz Debara oporretara. Debako herritarrak gara eta herritar bezala aparkatu nahi dugu. Besterik gabe.