Zabalik dago Santiago hondartzako toldoen zozketarako izen-ematea

Berriketan 2024ko eka. 6a, 10:55

Guztira, 150 toldo zozkatuko dituzte. Astelehenean (ekainak 10) itxiko da izen-ematea.

Udal iturriek jakitera eman dutenez, ekainaren 22tik irailaren 15era eskainiko den toldo zerbitzua martxan jartzeko azken urratsak ematen ari da udala. Azaldu dutenez, toldo zerbitzua kudeaketa lehiaketa hutsik geratu da aurten eta herritarrei zerbitzu hori bermatu asmoz, udalak berak erosi ditu toldoak. Guztira, 150 toldo erosi dituzte, eta horiek erabiltzeko eskubidea zozketa publiko bidez esleitzeko asmoa dutela esan dute, prozesua "modu justu eta gardenean" egiteko.

Zozketan parte hartzeko izen-ematea zabalik dago eta horretarako azken eguna astelehena (ekainak 10) izango da. Europar Batasuneko edozein udalerritan bizi den adin nagusiko edo adingabe emantzipatu orok egin ahalko du eskaera eta gogorarazi dutenez, pertsona eta bizileku bakoitzeko izen-emate bakarra egin ahalko da.

Zehaztu dutenez, zerbitzu barruan toldo bat eta egurrezko bi aulki sartzen dira

Eskaera aurrez aurre aurkeztu nahi dutenek turismo bulegora bertaratu beharko dute. Prozesua Internet bidez egin nahi dutenek, berriz, ondorengo estekan sartu eta dagokion eskabide-inprimakia bete beharko dute.

Gaineratu dutenez, eskaera era batera zein bestera egiteko orduan toldoa hondartzako zein multzotan eta lerrotan nahi den ere adierazi beharko da (hemen planoa).

Zozketa

Ekainaren 13an egingo dute, 09:00etan, udaletxeko areto nagusian. "Arazo teknikoak izanez gero, eskuz egingo da zozketa, zenbakitutako bolak aterata". Emaitzak, ondoren, udalaren web atarian jarriko dituzte ikusgai, baita udaletxeko iragarki-taulan ere. Egun berean argitaratuko dituzte esleipendunen izenak, eta horiek 48 orduko epea izango dute zerbitzuaren zenbatekoa ordaintzeko.

Eskari gehiago izanez gero, bestalde, ordezko pertsonen zerrenda ere osatuko dutela iragarri dute. "Toldoren bat hutsik geratuz gero, ekainaren 18tik aurrera deituko zaie, zerrendaren ordena errespetatuz".

Prezioak eta fidantza

Zehaztu dutenez, zerbitzu barruan toldo bat eta egurrezko bi aulki sartzen dira. Honakoak dira toldoak denboraldi guztirako alokatzeko ezarritako prezioak:

  • Toldoa hondartzako lehen lerroan: 235 euro.
  • Toldoa bigarren lerroan eta toldo irisgarriak (hamar egongo dira guztira): 210 euro.

Horrekin batera, 20 euroko fidantza ordaindu beharko da ere. Kopuru hori denboraldia amaitzean itzuliko dute, "toldoa eta aulkiak egoera onean daudela egiaztatu ondoren". Tasei eta zozketaren oinarriei buruzko informazio gehiago, HEMEN. Zalantzak argitzeko, bestalde, ingurumena@deba.eus helbidera idatzi daiteke.