2000. urtean bi udalerrien arteko senidetze-hitzarmena sinatu zenez geroztik, mendi taldeon arteko harremanak sendotzen joan dira eta urtero-urtero batzen gara; urte batean Kanbon elkartzen gara, eta hurrengoan Deban, txandakatuz. Taldeen osaera oso ezberdina da, Burdin Kurutz ikaslez eta gurasoz osatua baitago, eta Mendiriz Mendik, berriz, taldekide jubilatuak ditu. Baina gure artean oso harreman eta giro ona izatea lortu dugu.
Era berean, gure artean bada beste ezberdintasun nabarmen bat ere: hizkuntza. Kanboarren hizkuntza nagusia frantsesa da, baina, zorionez, gero eta euskaldun gehiagok osatzen dute taldea. Beraz, gure artean ezberdintasunak baditugu ere, urte hauetan guztietan giro atsegina eta elkar-ulertze ona izan dugula azpimarratu nahiko nuke.
Arbil aldera
Aurten, guri egokitu zitzaigun senidetze eguna prestatzea eta, ohi bezala, mendi irteera antolatu genuen. Oso argi genuen nora joan, goiz-pasa egiteko Arbil mendiak eskaintzen baitzigun aukerarik ederrena. Arbilera igotzeko hainbat aukera daude: kanaletik, PR-GI44 bidea hartuta Kortaberri baserri paretik, Itziartik, Lizarreta mendi magaletik edo Arriolatik. Ederrak dira guztiak, baina irteera hau egiteko azkena iruditu zitzaigun politena. Baserritar batek Arbilera igotzeko oztopoak jarri zizkigun eta bertatik igarotzeko debeku deiak jaso genituen, baina gure herri-bideetan ibiltzeko dugun eskubidearen babesean, bide hori egitea erabaki genuen.
Horrela, Debatik hasi eta Arriola auzotik, Pagatza baserri aurretik eta Arbileko txabola ondotik igaro ondoren, Arbilera igo ginen. Bueltako bidean, Pagatza baserri paretik pasa ginen berriz, eta handik Otzaurte gainera abiatu ginen. San Roketik Debara jaitsi aurretik, Santa Katalinan ere izan ginen, bidea Antsorregitik eta Olloki baserriaren ondotik eginez.
Mendi irteera egiteko eguraldi ezin hobea izan genuen eta, guztia borobiltzeko, bazkaria egin genuen gero Ozio-Bide elkartean, giro jatorrean. Kanboko mendizaleak agurtu ondoren, datorren urtean Kanbon elkartzeko gonbidapena ere jaso genuen: 2025eko apirilaren 6an izango da hitzordua. Bi udalerrien arteko senidetze-hitzarmenaren 25. urteurrena dela eta, egun horretarako zerbait berezia antolatu nahi dutela iragarri ziguten kanboarrek.