Debegesak antolatzen du eskualdeko ikasleentzako erronka hau, eta garapen agentziako ordezkariez gainera, Eibarko alkate Jon Iraolak eta Laboral Kutxako ordezkari Karlos Barrenetxeak ere hartu zuten parte sari banaketa ekitaldian, Laboral Kutxa izan baita sarien babeslea. Niala mago elgoibartarrak gidatu zuen ekitaldia eta zientzia eta teknologiarekin lotutako magia ikuskizunaz gozatzeko aukera izan zuten sari banaketara gerturatu ziren 230 ikasleek.
Eskualdeko 11 ikastetxek parte hartu dute ikasturte honetako erronkan, eta 30 esperimentu aurkeztu dituzte, iaz baino hiru gehiago. Honakoa da parte hartu duten ikastetxeen zerrenda: Debako Luzaro HLHI, Mutriku BHI, Elgoibar BHI, Elgoibar Ikastola, Ermuko Anaitasuna Ikastola eta San Lorenzo Eskola, Mutrikuko Goizeko Izarra Ikastola eta San Miguel Ikastetxea, Eibarko Amaña HI eta Arrateko Andra Mari Ikastetxea eta Mallabiko Learreta-Markina Eskola.
Antolatzaileek bi irizpide erabili dituzte irabazleak aukeratzeko, eta horietako bakoitzak %50eko pisua izan du azken puntuazioan. Alde batetik, esperimentuak jasotzen zituzten bideoen ikustaldiak zenbatu dituzte, eta, bestetik, epaimahaikideek irizpide jakin batzuk kontuan hartuta esperimentuak puntuatu dituzte. Horren guztiaren baturatik atera dira irabazleak, honako hirurak:
- LH 3-4: Elgoibar Ikastola LH 4 Energia berriztagarrien maketa
- LH 5-6: Goizeko Izarra Ikastola LH 5 Eidofonoa
- DBH 1-4: Mutriku BHI DBH 3 Energia iturriak
Hiru kategoriatan sailkatu dute erronka: LH3-4, LH5-6 eta DBH. Bideoak honako estekan ikus daitezke: STEAM Erronka 2024 | BPTD Makers.
Antolatzaileek azaldu bezala, We Make Debabarrena! STEAM erronkaren helburuak hauek dira: ikasleek eta zentroek STEAM bokazioak sustatzeko egiten duten ahalegina erakustea eta STEAM hezkuntzaren garrantzia nabarmentzea. Eskerrak eman dizkiete ekimenean parte hartu duten ikasleei, prozesuan erakutsitako "gogo eta kemenagatik", eta epaimahaikideei ere bai, beren lanagatik eta STEAM arloen balioa azpimarratzen laguntzeagatik.