Europako Geoparkeen 15. Astea amaierara helduta, "aho zapore gozoarekin" geratu dira antolatzaileak eta parte hartzaileak. Deban, Mutrikun eta Zumaian egin diren ikastaro, hitzaldi eta bestelako ekintzetan talde mardulak bildu dira eta, eguraldia lagun, aurreikusitako ekitaldi guztiak "egoki" egin dituztela azpimarratu dute.
Biodibertsitatea izan da aurtengo egitarauaren ardatz nagusia. Egindako ekitaldien artean, El Hombre y la Tierra telebista saioaren urtemugaren harira egindako Geotalks saio berezia, Geoparkearen biodibertsitateari buruzko liburuaren aurkezpena, Geoparkeko Bira ibilbide berriaren jendaurreko abiada, eta itsaslabarretako flora ezagutzeko Biotop landa-irteera nabarmendu dituzte.
Bestalde, Geoparkeak Mikroipuin Lehiaketa antolatu du aurten estreinakoz eta lehenengo edizio honetako irabazlea Josune Herrarte Bergaretxe izan da.
Egitarauaren baitan egindako ekintzetako batzuk goiko argazkietan ikus daitezke (Euskal Kostaldeko Geoparkearen irudi guztiak, berriz, esteka honetan jarri dituzte ikusgai).