Ikasturtea bukatu eta berehala, ekainean, kayak eta padel surf saioak egingo dituzte, baita futbol eta hondartzako boleibol txapelketak ere. Gainera, aurten, berrikuntza bezala, badminton eta kriket txapelketak ere antolatu ditu Gaztelekuak, gazteak kirol horietan ere trebatzeko helburuz.
Uztailean, bi ur parketara joateko irteerak izango dira: Labennera bata (2008an eta 2009an jaiotakoentzat), eta Logroñoko Las Noriasera bestea (2010 eta 2011 urte bitartean jaiotakoentzat). Bestelako irteerak eta egonaldiak ere izango dira aukeran: Donostiako Santa Klara irlara, Lekeitiora, Askizura...
Adinaren arabera banatuko dituzte jarduerak eta txangoak, eta oro har eskaintza 13 eta 17 urte bitarteko gazteei zuzenduta dago (2007-2011 urte bitartean jaiotakoei, alegia). Izen-ematea zabalik dago dagoeneko, ekainaren 7ra bitartean. Informazio gehiagorako edota izena emateko, interesa duten herritarrek Gaztelekura jo beharko dute.