Antolatzaileek positiboki baloratu dute Deba-Palestina Elkartasun Eguna

Berriketan 2024ko eka. 3a, 11:45

Deba-Palestina Herri Ekimenak antolatuta, aldarrikapena eta jai giroa uztartu zituen Elkartasun Eguna egin zuten larunbatean (ekainak 1), Plaza Zaharrean, Palestinako herriari babesa helarazteko helburuarekin.

Musika, dantza, gastronomia, bertsoak, antzerkia, poesia..., baina guztiaren gainetik gogoeta, elkartasun keinuak eta sentsibilizazioa izan ziren Deba-Palestina Herri Ekimenak antolatutako lehen Elkartasun Egunaren osagai nagusiak. Dozenaka lagun batu ziren larunbat (ekainak 1) goiz eta eguerdi partean Plaza Zaharraren bueltan egindako ekintzetan eta antolatzaileak, hortaz, pozik agertu dira. "Gure eskerrik beroenak ekitaldi honetan parte hartu duzuen guztioi. Debako herriak argi utzi du bere elkartasuna, bere gizatasuna".

Iragarrita zegoen bezala, 11:00etan eman zioten hasiera egitarauari. Ordurako, plaza Ez gara zenbakiak erakusketarekin apainduta zegoen eta Debako Erraldoiak ere hantxe zeuden, okasio berezirako palestinar kufijekin eta banderekin jantzita.

Zeruari so

Eguraldiaren iragarpena zela eta, zeruari so igaro zuten goiza antolatzaileek, eta euri tanta batzuk egin bazituen ere, aldaketa gutxi eragin zituen egitarauan. Ekintza bat lekuz aldatu behar izan zuten, baina, guztia, "espero bezala" irten zela azpimarratu dute.

Ekitaldiz beteta egon zen hitzordua. Marrazki tailerra izan zen Uxue Sanchoren gidaritzapean eta nahi izan zuenak norbere izena arabieraz idazteko aukera ere izan zuen, Rauwan-en eskutik. Willy Berasaluze artista, bitartean, Hutsuneak deituriko horma-irudia margotzen aritu zen iturri ondoan. Datilak, postre arabiarrak, tea, kuskusa, falafela... eta bestelako janaria probatzeko aukera ere izan zuten plazara bertaratu zirenek.

Festa eguna izanda ere, aldarrikapenak leku nabarmena izan zuen egitarauan; aldarrikapen horiek guztiak plazaratzeko, komunikatu bat ere irakurri zuten amaieran

12:30ean hasita, berriz, herri bateko zein besteko kulturen adierazpen ugari izan zituzten ipuin kontaketek, bertsoek, dantzak, poesiak eta zuzeneko musikak ere izan zuten presentzia egitarauan. Ipuin kontalariek saio berezia eskaini zuten eliz atarian eta ondorengo minutuetan, Iñigo Izagirre bertsolariaren, talde feministako kideen, Lolas dantza taldearen, Kalean Kantuzen eta Aitzuri eta Parrokiako abesbatzen, Goazekoen, Kalez Kale txistularien eta jazz konboaren txanda izan zen.

Festa eguna izanda ere, aldarrikapenak leku nabarmena izan zuen egitarauan; aldarrikapen horiek guztiak plazaratzeko, komunikatu bat ere irakurri zuten amaieran. Oro har, Palestinako "herriaren minarekin bat egiten" dutela adierazi zuten oholtzan elkartutakoek, euskaraz, gazteleraz eta arabiarrez. 

Besteren artean, ez dutela "engainu horretan" parte hartuko nabarmendu zuten eta ez dutela palestinarren herria "iruzurraren eta engainuaren aurrean" entregatuko. "Ez gara izango herri oso batekin bukatu nahi duen estatu kriminal baten konplizeak, ezta ere estatu horren konplizeak diren beste estatu guztiak bezain kriminalak. Palestinarren genozidioari aurre egingo diogu".

Talde argazki batekin eta habanera bat abestuz amaitu zuten ekitaldia.