ELKARRIZKETA

Andrea Larrinaga: “Herritar guztiei zuzendutako ekintzak antolatzea eta eskaintzea izan da helburu nagusia”

Berriketan 2024ko eka. 4a, 09:16

Ezkerretik eskuinera: Aitor Lopez de Lacalle (Yako Surf), Andrea Larrinaga (Zurrunbilo) eta Ander Alberdi 'Txintxe' (Ipar Surf & Skate).

Debadaba Festak iaz izan zuen harrera ona ikusita, aurten ere surfa, kirola, aisialdia eta kultura uztartzen dituen jaialdia errepikatzea erabaki dute Zurrunbilo Elkarteko eta Yako eta Ipar Surf eskoletako kideek. Ekaineko bigarren asteburua (ekainak 7-8) aukeratu dute ekimena bigarrenez ospatzeko.

Azken hilabeteotan hitzordua buru-belarri prestatzen aritu ondoren, Debadaba Festari ostiralean (ekainak 7) hasiera emateko prest dute guztia ekimenaren sortzaile eta bultzatzaileek. Jai giroa herri osora zabaltzeko helburuari helduta ondu dute egitaraua, eta asteburuan Debara gerturatzen direnek surfaren bueltako jarduerak eta bestelako hamaika ekintza izango dituzte aukeran. Antolatu duten jaialdiaren xehetasunen berri izan nahian, Andrea Larrinaga (Deba, 1996) Zurrunbilo Ur Kirol Elkarteko lehendakariarekin elkartu da Berriketan.

Zer da Debadaba Festa zuentzat? Zein da helburua?
Guretzat, Debadaba herritik eta herritarrentzat sortutako festa bat da. Debako herritar eta eragile guztiek jai egun eder bat elkarrekin pasatzea da helburua eta, surfaren inguruan sortutako ekimen bat baldin bada ere, kontzertuak, merkatua, yoga, capoeira, entrenamenduak, jolasak, slackline tailerrak... ere izango dira aukeran.

Ekimena iaz egin zenuten estreinakoz, eta aurten jarraipena ematea erabaki duzue. Zer dela eta?
Egia esan, iaz jaialdia oso ondo irten zen, eta espero baino jende gehiago hurbildu zen. Pozik geratu ginen eta, hitzorduak izan zuen arrakasta ikusita, ez genuen zalantzarik izan aurtengoa prestatzen hasteko orduan.

Halako ospakizunen atzean, ikusten ez den lan handia izan ohi da askotan... 
Bai, hala da. Iaz, adibidez, lan karga handia izan genuen. Dena den, aurtengoa bigarrena izanik, oraingoan errazagoa izan da guztia prestatzea.

Ezkerretik eskuinera: Ander Alberdi Txintxe (Ipar Surf & Skate), Andrea Larrinaga (Zurrunbilo) eta Aitor Lopez de Lacalle (Yako Surf).

 

Noiz hasi zineten egitaraua zehazten?
Martxoan. Egin beharrekoak hasieratik zehaztu eta banatu genituen, eta hurrengo bileretan guztia osatzen joan ginen; elkarlanari esker, jaia aurrera ateratzea lortu dugu.

Bi eguneko festa izango da aurten ere, ezta?
Bai, bi eguneko hitzordua izango da: ekainaren 7an (ostirala) eta ekainaren 8an (larunbata) ospatuko dugu Debadaba. Bi egun horietan ekintza desberdinak egongo dira aukeran, bereziki larunbatean. Izan ere, egitaraua osatzeko orduan adin guztietako jendea hartu dugu kontuan. Herri osoarentzako jaia izango da; beraz, herritar guztiek parte hartzeko moduko jarduera ugari antolatu ditugu. Eta, hori horrela izanik, bi eguneko jaialdia antolatzea beharrezkoa zela iruditu zitzaigun, jarduerak aldi berean egin ez zitezen. Horrela, herritarrek ekintza gehiagotan parte hartu ahal izango dute. 

Iazkoarekin alderatuta, zein berritasun izango ditu ekaineko jaialdiak?
Aurtengo egitaraua osatzerakoan, herritar guztiei zuzendutako ekintzak antolatzea eta eskaintzea izan da helburu nagusia, eta hori izango da jaialdiaren ardatza. Hori abiapuntutzat hartuta, herritarren artean iaz arrakasta izan zuten ekintzak mantentzea erabaki dugu. Parte-hartze txikiagoa izan zutenak, berriz, moldatu edo aldatu egin ditugu. Eta, horrekin lotuta, ekintza batzuetan parte hartzaileen kopurua mugatzea erabaki dugu. Izan ere, iaz oso zaila izan zen jarduera batzuk kudeatzea, parte-hartzea handia izan zelako. Beraz, uste dugu neurri honekin errazagoa izango dela guretzat, eta jendeak gehiago gozatuko du.

“Surfaren inguruan sortutako ekimen bat baldin bada ere, kontzertuak, merkatua, yoga, capoeira, entrenamenduak, jolasak, slackline tailerrak... ere izango dira”

Surfarekin lotuta ez dauden bestelako ekintza batzuek ere tartea izango dute Debadaban. Zer nolako proposamenak edo jarduerak izango dira aukeran?   
Bestelako ekintza batzuetan parte hartzeko aukera egongo da. Herriko festa bat izanik, ahalik eta eragile gehienek parte hartzea da helburua. Eragile horiek, gainera, egiten dutena herriari erakusteko aukera izango dute eta, hortaz, herritarrek doan probatu ahal izango dituzte beren jarduerak. Era berean, musikak ere paper garrantzitsua izango du. Guztiek ondo pasa dezaten, musika mota ezberdinak egongo dira presente egitarauan: alde batetik, kontzertu lasaiagoak (musika brasildarra, melodikoa edota surf kutsukoa) egingo dira eta, bestetik, DJak ere izango ditugu.

Aldez aurretik izena eman beharko da jardueretan parte hartzeko?
Bai, noski! Eta ekintza guztiak doakoak izango direla ere azpimarratu nahiko genuke. Izen-emate zerrendak dagoeneko zabalik daude Iparren, Yako dendan, turismo bulegoan eta Luzaro ikastetxean.

 

EGITARAUA

  • Ekainak 7, ostirala
    • 14:00-16:00. Jolasak Gaztelekukoekin, Luzaro ikastetxean.
    • 16:30-17:30. Capoeira (HH5-LH3), hondartzan. (Eguraldi txarrarekin, frontoian).***
    • 16:30-17:00. Arbaso (LH4-DBH4), hondartzan. (Eguraldi txarrarekin, frontoian). ***
    • 18:30. Yoga, 55 urtetik gorakoentzat, Miramar hotela zegoen eremuan. (Eguraldi txarrarekin, frontoian).***
    • 20:00. Kontzertua (Bidelapurrak+Pelax), Kultur Elkartean. (Eguraldi txarrarekin, Gaztetxean). Sarrera; 5 euro.
  • Ekainak 8, larunbata
    • 09:00-11:00. Txiki eta gazte surf, hondartzan. ***
    • 10:00-15:00. Artisauen merkatua, Kresala parean. (Eguraldi txarrarekin, paseo estalian).
    • 10:00-11:00. Uretako sorospen ikastaroa emakumeentzat, Jonan Etxeberriaren eskutik, hondartzan.
    • 11:00-12:00. Uretako sorospen ikastaroa gazteentzat, Jonan Etxeberriaren eskutik, hondartzan.
    • 11:00. Emakumeentzako* surf hastapen ikastaroa, hondartzan.***
    • 11:00. Surf eta ur jolasak, hondartzan.***
    • 17:00. Slackline tailerra, Ondargain tabernan. (Eguraldi txarrarekin, paseo estalian).***
    • 20:00. Kontzertua Ondargain tabernan. (Eguraldi txarrarekin, Gaztetxean).

Oharra: *** jarrita duten ekintzetan aurrez izena emateko eskatu dute antolatzaileek. Ipar eta Yako surf eskoletan, turismo bulegoan eta Luzaro ikastetxean zabalik dago izen-ematea.