Hamabi bakarrizketarik parte hartu dute Bergarako Jardun Euskara Elkarteak eta Goiena Komunikazio Taldeak bestelako eragileen eta erakundeen laguntzarekin antolatu duten Algaraka umorezko bakarrizketa lehiaketan. Parte hartzaile horietatik lau igaro dira final handira eta horien artean da Manex Astigarraga. Debarrak, zehazki, aurreko ostiralean (maiatzak 24) Zumaian jokatutako hirugarren saioa irabazita lortu du azken fasean aritzeko txartela.
Gaur (maiatzak 31) izango da final handia Bergarako Seminarixoa aretoko agertokian eta Astigarraga honako hiruen aurka ariko da: Asier Galartza (lehen saioko irabazlea), Ion Martinez Txiki (bigarren saioko irabazlea) eta Ander Malbadi (coach-ek aukeratutako finalista). Finalerako "gogo handiarekin" daude lau finalistak eta bakoitzak 6-8 minutuko bakarrizketa aurkeztu beharko du Bergarako publikoaren aurrean; kanporaketa saioko lan bera, moldatua edo berria izan daitekeela argitu dute antolatzaileek.
Miren Nogales aktore eta aurkezleak eta Jon Olivares aktore bergararrak jardungo dute aurkezle lanetan eta aurreko hiru saioetan bezala, musikariak eta aurkezleak ere izango dira Seminarixoko agertokiaren gainean. Lehiaketaren dinamikari jarraituz, gainera, bakarrizketari eta epaimahaikide gonbidatu bat ere izango dute; gaurko gonbidatua Yogurinha Borova artista izango da. Epaimahaikide lanetan, bestalde, Idoia Torregarai kazetari eta umoristak, Aner Peritz bertsolari eta sortzaileak eta Josu Zubia kulturgile eta Potx pailazo oñatiarrak jardungo dute.
Telebistan ikusgai
Finalerako sarrera guztiak agortuta daude, baina saioa telebistan ikusteko aukera izango dela esan dute. Finala, zehazki, Primeran streaming plataforman egongo dira ikusgai, datorren astean.
Sari potoloak daude jokoan. Irabazleak 1.000 euro eta Bergarako tostoiak eta erreilenoak jasoko ditu, eta bigarrenak 600 euro eta Bergarako tostoiak eta erreilenoak. Bergarar onenak, berriz, 250 euroko bonua jasoko du, herrian erabiltzeko; eta publikoaren saria irabazten duenak Bergarako Zumelaga jatetxean afaria eta Lamaino Etxeberri nekazari-etxean gaua eta gosaria izango ditu.