Gaur (maiatzak 31) arratsaldean abiatuko da Senzala Euskadi taldeak antolatutako jaialdi brasildarra, Itxasgain tabernan egingo duten capoeira erakustaldiarekin (20:30ean), baina asteburu osoan egongo dira ekintzak aukeran.
Bihar (ekainak 1) batukada izango da herriko kaleetan barna; 20:00etan jarri dute hitzordua, Arena tabernatik hasita. Pare bat ordu beranduago, 22:00etan, afari brasildarra (oilaskoa estrogonof erara) egingo dute gaztetxean; antolatzaileek azaldu dutenaren arabera, bazkarian parte hartzeko izen-ematea aurrez egitea komeni da, 637 55 29 48 telefono zenbakian, eta txartelak 10 euroan izango dira salgai. Ondoren, afalostea biribiltzeko, Bittencourt Band-en kontzertua izango da gaztetxean bertan, 23:00etan.
Egitaraua ekainaren 2an, igandean, bukatuko da. Lehenik, 09:00etan yoga saioa egingo dute Ikigai zentroan. Bigarrenik, capoeira saioa antolatu dute hasiberrientzat 10:30ean. Aldats pilotalekuan egingo dute azken hori, eta izena eman behar da aurrez (637 55 29 48 zenbakian).
Senzala Euskadi taldeak 2003. urtean hasi zuen bere ibilbidea. Pixkanaka-pixkanaka, taldea handitzen eta sendotzen joan da, eta gaur egun Eskoriatza, Aretxabaleta, Arrasate, Bergara, Azpeitia, Deba, Zarautz, Gazteiz, Berastegi, Eibar eta Zumaiako kideak ditu, besteak beste.
Aurretik aipatutako kultura brasildarra gerturatzeko helburuaz gain, taldearen beste helburu nagusia ume, gazte eta helduen inklusioa erraztea da eta, jomuga hori gogoan, ikastaro eta erakustaldi ugari antolatu izan ditu taldeak Euskal Herriko hainbat lekutan.