Sergio Urriza Luaran tenis klubeko arduradunak azaldu duenez, alebin mailan lehiatu ziren Agirrezabala eta Urkiri. Biak ala biak lehen kanporaketan kaleratu zituzten. Agirrezabalak 5-6 galdu zuen Carla Martinen aurka eta Urkirik, berriz, 3-6 galdu zuen Deba Iturrasperen aurkako norgehiagoka. Txapelketa nagusiko hurrengo fasera igarotzea ezin izan zuten ziurtatu, baina txapelketako kontsolazio txandan jarraitzeko aukera izan zuten.
Kontsolazio txandan hobeto moldatu ziren Luaran tenis klubeko bi jokalari gazteak. Final-laurdenak, esaterako, aise irabazi zituzten. Agirrezabala 4-1 nagusitu zen Claudia Quemadaren aurka eta Urkirik ere emaitza berarekin irabazi zuen Mercedes Lasaren aurka.
"Pozik" emaitzarekin
Finalerdietan, berriz, Agirrezabalak soilik lortu zuen aurrera egiteko txartela. Agirrezabala nagusitasun osoz gailendu zen Nora Illarramendiren aurka; 4-0 irabazi zuen norgehiagoka. Urkirik, berriz, ezin izan zuen Katixa San Millan mendean hartu; 3-4 galdu zuen partida. Finalean gogor saiatu bazen ere, Agirrezabalak ezin izan zuen bere taldekidea kaleratu zuen Katixa San Millan gainditu; 1-4 galdu ondoren, txapeldunorde izendatu zuten debarra.
Luaran tenis taldeko kideak "pozik" agertu dira bi jokalariek txapelketan lortu duten emaitzarekin. Azaldu dutenez, txapelketan parte hartu duten lehen aldia izan da. "Txapelketa oso polita izan da eta bizitako esperientzia ere ona izan da. Ea aurrera begira taldeko jokalari gehiago animatzen diren bertan parte hartzera; 70 kidetik gora gaude eskolan eta, egia esan, orain arte ez du inork txapelketa horretan parte hartu".