Palestinako herriari babesa adierazteko asmoz, Elkartasun Eguna ospatuko dute ekainaren 1ean Deban, elkartasuna eta festa uztartuz. "Guretzat ez da festa bat bakarrik izango. Hitzorduak kontzientziazioa eta sentsibilizazioa ditu helburu eta, aldi berean, Palestinako herriaren minarekin bat egiten dugula adierazi nahi dugu". Plaza Zaharrean egingo dituzte ekintza guztiak eta, azaldu dutenez, orain arte baino jende gehiagorengana heltzeko asmoz, "adin guztietako pertsonei zuzendutako" ekintza sorta prestatu dute herriko eragile, elkarte eta boluntario ezberdinen artean. "Gatazkak hartu duen neurria ikusita, beharrezkoa iruditu zaigu Deban ere halako elkartasun egun bat antolatzea", nabarmendu dute Deba-Palestina Herri Ekimeneko kideek.
"Hitzorduak kontzientziazioa eta sentsibilizazioa ditu helburu eta, aldi berean, Palestinako herriaren minarekin bat egiten dugula adierazi nahi dugu"
11:00etan emango diote hasiera egitarauari, Ez gara zenbakiak erakusketaren muntaketarekin. Ordu berean, gainera, Debako Erraldoiei harrera ere egingo diete. "Harrera egin ondoren, gurekin geratuko dira jardunaldi osoan, Palestinako ikurrak soinean hartuta". 12:30ean hasita, ipuin kontaketek, bertsoek, antzerkiak eta zuzeneko musikak ere izango dute presentzia egitarauan.
Goiz osoan, gainera, marrazki tailerra egingo dute, Uxue Sanchoren gidaritzapean. "Palestinaren gaia ardatz hartuta, umeek kartulinetan marrazkiak egiteko aukera izango dute. Egindako marrazki guztiak euskarri handi batean itsatsiko ditugu gero, ondoren plazan ikusgai jartzeko asmoz. Horrez gain, norbere izena arabieraz idazteko tailerra ere izango da, Rauwan-en eskutik".
Horma-irudi bat ere margotuko dute, Willy Berasaluzeren laguntzarekin. "Denon artean margotuko dugu murala eta emaitza herriko txokoren batean betiko jarrita lagatzea da asmoa". Gaineratu dutenez, salmenta postua ere izango da plazan: "Palestinako ikurrak eta txapak egongo dira salgai, baita janari palestinarra eta freskagarriak ere".
14:30erako iragarri duten ekitaldi bereziarekin emango diete amaiera eguneko jarduerei. "Komunikatu bat irakurri eta, jarraian, plaza inguratuko dugu elkarri eskutik helduta". Egun osoan, halaber, Palestinarekiko elkartasuna "modu aktiboan" adierazteko eskatu dute, horretarako herritarrei etxeetako leiho eta balkoi guztiak "elkartasunez eta Palestinako ikurrez betetzeko" gonbidapena eginez.
Hitzaldia maiatzaren 30ean
Egitaraua, bestalde, maiatzaren 30erako antolatu duten Palestina: Gizatasun krisia hitzaldiarekin osatuko dute. Barbara Ruiz Balzola UNRWAren Euskadiko delegatuak eta Mohamed Farajallah aktibista palestinarrak parte hartuko dute solasaldian; 19:00etan izango da, Kultur Elkartean. "Barbarak eta Mohamedek inork baino hobeto kontatuko digute Palestinan gertatzen ari dena. Horrelako kontakizunak beharrezkoak direla iruditzen zaigu".