Erritmo oso azkarrean bizi garen garaiotan, tarte bat hartu eta norbere burua zaintzeko, autoestimua hobetzeko eta emozioak kudeatzen ikasteko "gune atsegin eta lagunkoia" eskaintzen duten ikastaroak gidatzen ditu Saioa Garmendiak. Aditua da ongizate emozionalean, coach pertsonalean, emozioen kudeaketan, adimen emozionalaren garapenean eta mindfulness-ean, eta herriz herri ibiltzen da ongizate emozionalari eta autozainketari buruzko tailerrak ematen. Horretan dihardu Deban ere; maiatzaren 10etik ekainaren 19ra, herritar guztiei zuzendutako ikastaroa eskaintzen ari da.
Ongizate emozionala eta autozainketa lantzeko tailerrak gidatzen dituzu hainbat herritan. Nolatan edo zer behar ikusita hasi zinen tailer horiek ematen?
Nire ibilbide pertsonala zaintzaren arloan garatu dut urte luzez. Duela urte batzuk heriotzari buruzko ikasketa batzuk egin ondoren, azkenetan zeuden gaixoen zaintzaileen beharrei buruzko tesina egin nuen, eta orduan ikusi nuen zaintzaileak zer egoeratan dauden, zer behar dituzten... Hortaz jabetuta, zaintzaileentzako "laguntza eta atseden tailerrak" ematen hasi nintzen, haien beharren eta emozioen kudeaketan laguntzeko asmoarekin.
Gero eta gehiago entzuten da ongizate emozionala zaindu beharra dagoela, baina zer garrantzi ematen zaio egunerokoan norbere buruaren zaintzari?
Orokorrean, egunerokoan geure burua zaintzearen garrantziaz ahaztu egiten gara; modu inkontzientean eta erritmo oso azkarrean bizi gara, gauza asko ditugu egiteko eta ez dugu geure burua zaintzeko denborarik.Tarte bat hartzen baldin badugu, geure osasun fisikoa zaintzeko erabiltzen dugu, baina geure osasun mentalaz eta emozionalaz ahaztu egiten gara, eta horiek ere beharrezkoak dira ongizatea lortzeko. Bizi garen gizarteak garrantzi handia ematen dio osasun fisikoari eta hori da erakutsi digutena, baina orain arte emozionalari eta mentalari ez zaio horrelako garrantzirik eman eta, hortaz, ez digute erakutsi hori zaintzen eta zaintze horren garrantziaz jabetzen. Norberak autozainketa kontzientea eta propioa lantzea oso garrantzitsua da benetako ongizate emozionala lortzeko.
Zer nolako profila izan ohi dute tailerretan parte hartzen duten herritarrek? Badute ezaugarri komunik, ala denetarik dago?
Adin eta profil desberdineko herritarrak etortzen dira. Lan egiten dudan herrietako udalek erabakitzen dute nori zuzendutako tailerrak nahi dituzten, eta horren araberakoa izaten da eskaintza. Profil desberdinak daude tartean: zaintzaileak, zaintzaile profesionalak, gazteak, haurrak eta nik “orokorrak” deitzen ditudanak (herritar guztientzat zuzendutako tailerren kasuan).
Zure ustez, jendea zer kezka eta beharrekin bertaratzen da gidatzen dituzun saioetara?
Denetarik dago. Batzuk behar zehatz batengatik etortzen dira, eta beste batzuk beren ongizatea hobetu nahi dutelako. Badirudi horrelako tailerretara gaizki sentitzen garenean joan behar garela, eta ez da horrela; ez baldin bagaude ondo, lagundu egingo digu eta ondo baldin bagaude, hobeto egoten lagunduko digu.
“Tarte bat hartzen baldin badugu, geure osasun fisikoa zaintzeko erabiltzen dugu, baina geure osasun mentalaz eta emozionalaz ahaztu egiten gara”
Hasiera batean zaintzaileei zuzendutako tailerrak ematen hasi zinen, baina gero gainontzeko herritarrei ere zabaldu zenien aukera hori. Zergatik?
Bai. Zaintzaileekin hasi nintzen lanean, baina ongizate emozionala eta autozainketa lantzen dudanez, tailerrak beste profil batzuetako pertsonentzat ere lagungarriak izan zitezkeela konturatu nintzen. Eta horregatik hasi nintzen tailerrak jende gehiagori ere ematen.
Zer ari zarete lantzen Debako tailerrean?
Helburu nagusia parte hartzaileen ongizatea hobetzea da. Tailerretara etortzen diren pertsonek atseden hartzeko gune atsegin eta lagunkoia izango dute, beren burua zaintzeko denbora hartuz, eta bertan norbere burua zaintzeko, autoestimua hobetzeko eta beren emozioez jabetu eta horiek kudeatzen ikasteko gaiak aztertuko ditugu. Hori guztia lantzeko, alde batetik, ariketa eta dinamika desberdinak erabiliko ditut; bestetik, estresa kontrolatzeko tresnak landuko ditugu, hala nola giharrak erlaxatzeko ariketak, autokontrolerako teknikak eta erlaxazio teknikak. Beren ongizate emozionala eta autozainketa ahalik eta ondoen zaintzeko behar duten guztia emango diet, beren egunerokotasuna hobetzeko baliabideak eskainiz.
Garrantzitsua izango da saioetan landutako teknikak egunerokoan aplikatzea, ezta? Zer onura dakartza?
Tailerretan lantzen duguna gure egunerokoan praktikan jartzea ezinbestekoa da benetako onura atzeman eta lortu nahi badugu. Nik beren eguneroko bizitza hobetzeko erremintak emango dizkiet, baina erreminta horiek beraiek erabili eta jarri behar dituzte martxan. Erabiliz gero, onura asko lortuko dituzte: kontzienteago bizi, autoestimua hobetu, beren emozioak kudeatu, etortzen zaizkien arazoei modu egokian aurre egin... Azken finean, lasaiago eta gusturago bizi ahal izango dira.