Azken urteetan egin izan den bezala, kirola eta aisialdia uztartzen dituen Uda Kirola programa antolatu du Debako Udaleko Kirol Zerbitzuak, Deba eta inguruko herrietako haurren eta gazteen artean kirola eta jarduera fisikoa sustatzeko. Zehaztu dutenez, programa 2008 eta 2018 urte artean jaiotakoei dago zuzenduta eta bertan parte hartzeko interesa dutenek surf, bodyboard, SUP, kayak edota surf skate ikastaroak burutu ahal izango dituzte.
Ikastaroak ekainean, uztailean eta abuztuan izango dira eta horiek bost eguneko iraupena izango dutela iragarri dute. "Lehenengo txanda ekainaren 24ko astean izango da eta, azkena, abuztuaren 26ko astean". Azpimarratu dutenez, ikastaro gehienak euskara hutsean eskainiko dira, baina, aparteko eskaerarik izanez gero, horietako batzuk elebitan egin ahal izango dira.
Gaineratu dutenez, eskaintza egokitzeko eta aldatzeko aukera izango dute antolatzaileek. Erabaki hori uztaila amaitzean hartuko dutela iragarri dute, ikastaro bakoitzaren okupazioaren eta eskariaren arabera. "Informazio eguneratu guztia sare sozialetan eta Debako Udalaren atarian egongo da eskuragarri".
Izen-ematea
Izen-emateko bi era daude. Presentzialki izena eman nahi dutenek turismo bulegora (Ifar kalea, 4) bertaratu beharko dute. Nahiago dutenek, bestalde, turismoa@deba.eus helbide elektronikora idatzita izena eman dezakete; aukera hori baliatu nahi dutenek honako izen-emate orria beteta bidali beharko dute mezuan. Eskari handia dela eta, ohartarazi dute pertsona bakoitzak gehienez ere lau ikastarotan izena emateko aukera izango duela.
Horretarako, bi epe ezarri dituzte. Deban erroldatuta daudenentzat dagoeneko zabalik dago epea; astelehenean (maiatzak 27) zabaldu zuten. Udalerrian erroldatuta ez daudenentzako, berriz, astebete beranduago (ekainaren 3an) zabalduko dute epea.
Ordainketa, berriz, ikastaroan plaza konfirmatu ondoren egingo dela argitu dute. "Diru-sarrerak Bermatzeko Errenta (DSBE), Bizitzeko Gutxieneko Diru-sarrera (GBI) edo Gizarte Larrialdietarako Laguntzak (GLL) bezalako prestazioen onuradun diren Debako familiek ikastaroen kostuaren % 20 baino ez dute ordainduko".
Informazio gehiago nahi izanez gero, Debako Turismo Bulegora (943 19 24 52) deitzeko edo turismoa@deba.eus helbide elektronikora mezu bat bidaltzeko eskatu dute.