Debako Udalak lizitaziora atera du Simon Berasaluze plazan dagoen Gizarte Zerbitzuen eraikineko taberna-kafetegiaren zerbitzua ustiatzeko kontratua. Udal iturriek azaldu dutenez, irekita dagoen lizitazio prozesuaren helburua da "taberna-kafetegiko zerbitzua kudeatu eta eskaintzea, kanpoko terraza barne".
Taberna-kafetegiaren ustiapenaz arduratzeko interesa dutenek Eusko Jaurlaritzaren kontratazio guneko honako loturan sartuta edo udaletxean bertan (aurrez aurre eta paperean) aurkeztu ahal izango dituzte proposamenak; maiatzaren 31 da horretarako azken eguna.
Bost urteko iraupena
Kontratuan jasotakoaren arabera, sei hilabeteko probaldia egingo da eta denbora tarte horretan, langileen euskarazko hizkuntza-gaitasuna, eskainitako zerbitzuaren egokitasuna eta ordutegiaren betetze maila izango direla kontuan esan dute. "Kontratuan jarritako baldintzak betez gero, emakida beste bost urtez luzatu ahal izango da".
Ondorengoak dira kontratuaren emakidan jasotako betekizun eta baldintzetako batzuk:
- Zerbitzua eta ordutegia: taberna-kafetegiaren zerbitzua lokalean zein terrazan eskaini behar da, ondorengo ordutegian: astelehenetik ostiralera 09:00etatik 21:00etara, larunbatetan 09:00etatik 22:00etara eta igandeetan 11:00etatik 21:00etara. "Ordutegi hori zabaldu egin daiteke, indarrean dagoen ostalaritza-araudiaren arabera".
- Mantentze-lanak eta ekipamendua: ezinbestekoa da instalazio guztiak, sukaldea, terraza eta Arbil elkartearekin partekatutako komunak, garbi eta egoera onean mantentzea. Gainera, emakidadunak bere gain hartu behar ditu etxeko tresnak eta garbiketa-produktuen gastuak.
- Eguneko askariak: eguneko zentroko erabiltzaileen gosariak eta askariak egunero prestatu beharko dira eta horrekin batera, eguneko zentroko ontziteria jaso eta garbitu beharko da.
- Prezioak: emakidadunak proposatu beharko ditu eta udalak onartu, dagokion prozedurari jarraituz.
Hobekuntza lanak eraikinean
Udalak, bestalde, Gizarte Zerbitzuen eraikinean hobekuntza lan batzuk egin ditu; zehazki, Eguneko Zentroko terraza berritu dute "instalazioen segurtasuna bermatzeko eta erabiltzaileei kalitatezko zerbitzu eta azpiegiturak eskaintzeko".
Udal iturriek azaldu dutenez, terrazak ur filtrazioak zituen eta horregatik egin dituzte lanak. "Obra hauekin, udal azpiegiturak mantendu eta hobetzeko konpromisoa berresten du udalak, Eguneko Zentroko erabiltzaile guztientzako ingurune eroso eta segurua bermatuz".