Debako Ostolaza udal liburutegiko Irakurketa Klubak elkartzeko bi hitzordu ezarri ditu datozen egunetarako. Arduradunek jakitera eman dutenez, biharko saiora bertaratzen diren irakurzaleek Bea Lema ilustratzaile eta sortzaile galiziarraren El cuerpo de Cristo (Astiberri, 2023) komikia aztertuko dute Ainhoa Aldazabalen gidaritzapean; gazteleraz izango da saioa.
Etzi (maiatzak 29), berriz, Arantxa Urretabizkaia idazle eta kazetari donostiarraren Bidean ikasia (Pamiela, 2016) lana izango dute hizpide, Asier Serrano literatur moderatzailearen gidaritzapean; euskaraz izango da saioa.
Saio biak ala biak, ohi bezala, 19:00etatik 20:30era bitartean egingo dira. Liburutegian bertan egingo diren saioak irekiak eta doakoak direla gogorarazi dute. Jarduera irakurtzeko zaletasuna 16 urtetik gorakoentzat dago gomendatuta, eta lan horiei buruzko ideiak eta ikuspegiak partekatzeko interesa duten guztiak gonbidatu dituzte.
Izen-ematea
Saioan parte hartzeko interesa dutenek aldez aurretik izena eman beharko dute udal liburutegian, 943 19 25 60 edo 697 44 40 47 telefono zenbakietara deituta, edo ostolaza@deba.eus helbide elektronikora idatzita. Landuko diren liburuak, ohi bezala, norberak eramatea eskatu dute.