Tene Mujika Deban ondasunak zituen familia baten barruan jaio zen, Lersundi kaleko kantoian; bederatzi seme izan ondoren bera izan zen Joxe Mujikaren eta Josefa Juliana Pepa Egañaren hamabi seme-alabetatik lehen alaba. Gurasoek herriko janari denda handiena zuten eta euskaldun eta abertzaleak ziren.
Dendetako lanaren ondorioz, gaixotu egin zen; irakurtzen eta hezten ematen zituen egunak, baita idazten ere
Txikitan gurasoen dendan jolasten zuen, eta poliki-poliki, jolasen bitartez, ogibidea ezagutu eta ikasi egin zuen. Eskolara, aldiz, sei urterekin joan zen, anaiek egiten zuten bidea eginez, baina haien aldean Tenek etxeko lanetan trebatzeko kontuak ikasten zituen. Horiez gain irakurtzen, idazten eta gaztelerazko gramatika ikasi zuen eta hamalau urterekin dendan hasi zen lanean. Hala ere, bere heziketaz beti mintzo zen apaltasun handiz:
Ondorengo urtetan dendan laguntzen zuen bitartean ezkogintzan ikasi zuen, eta herrian behar zen argizari eta kandelak egiten zituzten ezko-olan. Dendetako lanaren ondorioz, zakuak zamatzen ibili beharra, pisu handiak hartzea,... gaixotu eta irakurtzen eta hezten ematen zituen egunak, bai eta apurka-apurka idazten ere. Olerki batzuk hasieran, ipuin batzuk geroago euskara garbian, neologismo eta arkaismo ugari tartekatuz baina, hala ere, euskara ulergarria eginez.
Kirikiñok, Euzkadi egunkariko arduradunak, Teneren berri izan eta 1916an kolaborazioak eskatu zizkion. Eta eskaera bere izan zuen Euzko Deia-tik ere. Bi egunkari horietan (eta beranduago Jainko-Zale izenekoan ere) kolaboratu zuen.
Lehen argitalpena
Gazte-gaztetatik aritu zen literaturgintzan. 1923an, Zornotzan argitaratu zuen bere lehen liburua: bertsoz eta prosaz idatzitako Mireni idazkiak eta olerkiak (Jaungoiko-Zale). 126 orrialdeko lan mardula da, 19 gutun eta 23 olerkiz osatua, eta bertan idazlearen ideologia eta erlijiotasuna nabaria da liburuaren eskaintzan ikus daitekeen bezala.
Bere garaian sekulako arrakasta izan zuten Mujikaren olerkiek. Watson Kirconnell-ek, esaterako, Teneren Udazken-ala izeneko bertsoa aukeratu zuen (ingelesera itzulita) Otawan 1928an osotu eta argitara eman zuen European Elegies bilduman.
Etxean, gaixorik, irten ezinik hamar urte zeramatzanean izan zuen Eibarren bizi zen mediku frantses baten berri eta harengana joanda, operatu eta sendatu egin zen. 1934an, Gogo-oñazeak (Lopez-Mendizabal) hiru ekitalditan banatutako antzerki lana argitaratu zuen; Antonio Maria Labayen-ek zuzentzen zuen Antzerti aldizkariak antolaturiko lehiaketako irabazlea izan zen obra.
Tene Mujikaren azken argitalpena 1968an Zarautzen plazaraturiko Cuadernos de vascuence hablado liburua izan zen
Urtebete beranduago,1935an, haurrentzako obra batekin lortu zuen sari bera: Gabon (Lopez-Mendizabal). 1936an, Oñatin Asamblea Mariana Diocesana izenekoak antolaturiko literatur lehiaketa ere irabazi zuen Juan Jose izeneko antzerki lanarekin; lan hau, baina, galdu egin zen -idazle honen beste lan asko bezala- urte horretan bertan piztu zen gerra zela kausa. Teneren ahizpak ere idazlearen idazlan eta paper asko erre zituen gerra garaian, zigorren beldur.
Tene Mujikaren azken argitalpena 1968an Zarautzen plazaraturiko Cuadernos de vascuence hablado liburua izan zen; seme-alabak ikastoletara eramaten zituzten guraso erdaldunendako eskuliburua da, hain zuzen.
Politikan ere aritua
Jeltzaleen banaketaren ondoren Tene CNVko kide zen eta EAJkoek sorturiko Emakumeen Abertzale Batza haren parekoa sortu zutenean, Abertzale Atzarri Batza, sortzen eta indarrean jartzen aritu zen Tene Mujika, baina Deban eta Ondarroan bakarrik sortu ziren taldeak. 1931n, baina, CNV eta EAJ batu egin ziren eta orduan ere buru-belarri aritu zen Emakumeen Abertzale Batza indartzen eta bideratzen; eta 1935ean Gipuzkoako EABren lehendakari izendatu zuten.
Bere jarduera literarioa kontuan hartuz, eta Kardaberaz Elkarteko kidea izanik, 1975eko uztailean Euskaltzaindiak Ohorezko Euskaltzain izendatu zuen
Harreman estua izan zuen Polentzi Markiegi Debako alkatearekin, Jose Antonio Aguirrerekin, Telesforo Monzonekin eta Leizaolarekin ere. Gerra iristean, baina, atzerrira egin behar izan zuen. Haurrez beterik zihoan itsasontzi batean alde egin La Rochelleko kaira eta handik ipar Euskal Herrira, Ziburura bere anaia Joserekin batera. Gerra amaieran hegoaldera itzuli baina Nafarroako herrixka batean egon behar izan zuen, Debatik kanpo, zenbait urtez.
Herrira itzuli zenean, dendari lanetan aritu zen, eta baita euskalduntzean laguntzen, ikastola, kultur ekintzak eta ahal zuen arloetan laguntzen. Bere jarduera literarioa kontutan hartuz, eta Kardaberaz Elkarteko kidea izanik, 1975eko uztailean, Euskaltzaindiak Ohorezko Euskaltzain izendatu zuen, Julene Azpeitia eta Madaleine Jauregiberrirekin batera.