Antolakuntzako kideek aditzera eman dutenez, hain zuzen, 92 gaztetxok eman dute izena maiatzaren 31n egingo den sariketan. "Pozik gaude aurten ere hitzorduak izan duen erantzun onarekin".
18:30ean emango diote hasiera txapelketari, estalitako pasealekuan eta, taldeka eta kategoria ezberdinetan banatuta, sukaldean duten trebezia erakutsi beharko dute parte hartzaileek.
Ohi bezala, bi mailatan jokatuko da norgehiagoka: A kategorian LHko 4. eta 5. mailako ikasleak lehiatuko dira eta B kategorian, berriz, LHko 6. eta DBHko 1. eta 2. mailakoek parte hartuko dute.
Guztientzako sariak
Parte hartzaileek "nahi beste" denbora izango dute platera aurkezteko, baina denek prestatu beharko dute janaria osagai berberak erabiliz. "Hainbat saltokiren eskuzabaltasunari esker, honako osagaiak emango dizkiogu talde bakoitzari: txistorra zati bana, tipula eta piper berdeak, pikillo piper gorriak, arroza, olioa, gatza eta salda egiteko pastilla bat. Ez diegu utziko eman ez dizkiegun gauzak erabiltzen, baldintza berdinetan parte har dezaten".
Sukaldean aritzeko beharrezko tresna guztiak, sua barne, parte hartzaileek eraman beharko dituzte. Kozinatzeko litro bat ur ere izan beharko dute eta, gogorarazi dutenez, debekatuta egongo da ura termoan eramatea. Platerak aurkeztu ondoren, epaimahaiak baloratuko du emaitza eta kategoria bakoitzeko hiru onenek sari berezia jasoko dute: "Herriko tabernetan erabili ahal izateko bonu bana jasoko dute". Gainontzeko partaideentzat ere "detaile txiki bat" egongo dela aurreratu dute.